Gizartea -

Elgoibar

Lomce ahoz aho ibili da berriz ere Euskal Eskola Publikoaren Jaian

Uriartek esan du hirugarren mailako proba ez dela "errebalida" eta desinformazioa dagoela. Arraizek kritikatu egin du sailburuak "jarrera ulergaitza" duela, hezkuntza-eragile sozialen kontra eginda.

Jaia nagusi izango da egun osoan herri gipuzkoarrean. Irudia: EiTB
Jaia nagusi izango da egun osoan herri gipuzkoarrean. Irudia: EiTB
Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria Elgoibarren

1:27

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cristina Uriarte Hezkuntza eta Hizkuntza Politikoko sailburuak berretsi duenez, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako proba ez da "errebalida" eta, bere ustean, "desinformazioa" dago; hori dela eta, beharrezkoa da "lasaitasuna helaraztea".

Radio Euskadiren mikrofonoetan egindako adierazpenetan, Elgoibarren (Gipuzkoa) gaur ospatu den Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren harira, Europa Pressen arabera, Uriartek hizpide izan du zenbait ikasleren gurasoek uko egin diotela ebaluazio proba egiteari, Lehen Hezkuntzako hirugarren mailan.

Uriarteren esanetan, "informazioa batzeko" probak dira, ikaslearekiko arreta eta hezkuntza prozesua hobetze aldera. Sailburuaren ustean, ordea, "desinformazioa" dago horren inguruan.

"Lasaitasuna helarazi egin beharra dago, honek ikasleen ibilbidea ebaluatzeko besterik ez du balio, notak eta hezkuntza sistema hobetzeko helburuarekin", berretsi du.

Uriarte, eragileen kontra, Arraizen iritzian

Hasier Arraiz EH Bilduren legebiltzarkide eta Sorturen presidentearen hitzetan, "Euskal Herrian badugu masa kritiko eta gehiengo politiko nahikoa gure bide propioa egiteko, Lomceren inposizioa eragozten ari diren herritarrak erakusten ari diren moduan".

Hasier Arraiz, Rebeka Ubera eta Belen Arrondo EH Bilduren ordezkariak Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren hasierako ekitaldian izan dira, Elgoibarren.

Familiak eta Hezkuntza Plataformen Topagunea txalotu eta gero, Lomcek ezarritako proben aurrean planto" egiteko emandako urratsengatik", Arraizek positibotzat jo du "inposizio baino ez den Lomce aplikatzeko Eusko Jaurlaritzaren asmoei aurre egin" izana.

Arraizen iritzian, "3. mailako proba kritikatu eta erantzuna eman duten guraso eta eragile ezberdinak babestu beharrean, euren aurka oldartu egin da Cristina Uriarte. Ulergaitza egiten zaigu bere jarrera".

PSE-EEren kritikak

Bestalde, Isabel Celaa PSE-EEko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, eskola publikoa "euskal hezkuntza sistemaren erdiko gunea da, eta kalitatezko hezkuntzarako eskubidearen bermea". Halaber, Celaak salatu duenez, egungo Hezkuntza Sailak "ez du behar bezala aprobetxatu jasotako ondare garrantzitsua". Horren harira, sozialistak kritikatu duenez, "Hezkuntza Sailak ez du hezkuntza hirueleduna sustatu, eta horrek ondorio bidegabeak eragin ditu".

Hezkuntza sailburu ohiak adierazi duenez, "euskal gizartean elebitasuna zabaltzeko agente nagusiena da" eskola publikoa. Hori dela eta, euskararen ezagutzan eta erabileran sakontzen jarraitzeko deia egin du. Gainera, "atzerriko hizkuntzetan ikasleen gaitasunak nabarmen" hobetu behar direla esan du, "ingelesez bereziki".

Antolatzaileak, pozik eta hunkituta

Euskal Eskola Publikoaren aldeko Jaia ospatu dute gaur Elgoibarren, bertako Herri Eskolak eta Kalamua guraso elkarteak antolatuta, EHIGrekin elkarlanean. Aurtengo leloa 'Gustatzen jata, jaku' izan da eta, gizartea bizirik mantentzeko, herriarentzat eskola publikoa premiazkoa dela azpimarratu dute aurten.

Kalamua guraso elkarteko ordezkariak oso pozik eta hunkituta agertu dira gaurko jaiak izan duen harrerarekin eta parte-hartzearekin.

Enkarterrietako eskola publikoen eskutik lekukoa jaso ostean (iaz Balmasedan egin baitzuten festa), hainbat ekitaldi antolatu dituzte ikasturtean zehar Elgoibarren, esaterako, Errealeko 'Emakumeak Txuri Urdinez' erakusketa, eskubaloi partidua, bideokliparen aurkezpena, Korrika eta Euskararen eguneko kalejira.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hezkuntza Lege Berria albisteak Elgoibar argazkiak Eusko Jaurlaritza Hasier Arraiz argazkiak