Gizartea -

Gazteluko krimena

Iñaki Indarten aita inputatu dute hilketa delitu batengatik

Atxilotua behin-behineko askatasunean utzi dute. 24 urteko gaztea 2008ko martxoaren 9an desagertu zen eta bere gorpua Gazteluko leize batean topatu zuten iragan abenduan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Indarten aita behin-behineko askatasunean utzi du gaur Iruñeko Argibideetako 4. Epaitegiak. Hala ere, epaileak atxilotua inputatu du hilketa delitu batengatik. 24 urteko gaztea 2008ko martxoaren 9an desagertu zen eta bere gorpua Gazteluko leize batean topatu zuten iragan abenduan.

Kautelazko neurriak hartzeko agerraldia egin du atxilotuak epailearen aurrean. Inputatuak deklarazioa amaitu duenean Ministerio Fiskalak hilketa leporatu dio. Hala ere, aita behin-behineko askatasunean uztea eskatu du Fiskaltzak. Inputatua astelehenero epaitegietan aurkeztu beharko da.

Kautelazko neurriak auto batean hartu ditu magistratuak, Nafarroako Auzitegi Nagusiak agiri batean azaldu duenez. Gaztearen aita epailearen esku utzi dute gaur, iragan astelehenean Legasan atxilotu eta gero. Antza denez, beste hiru pertsonarekin atxilotu zuten, horietako bat guardia zibila. Hirurak libre karguekin utzi zituzten deklaratu eta gero, ustezko estaltzaileak izateagatik.

Sumario-sekretua

Auziari sumario-sekretua ezarri dio epaileak. Gertakariak 2008an jazo ziren. Iñaki Indarten senitartekoek 24 urteko gaztea desagertu zela salatu zuten. Orduz geroztik Legasako gaztea toki ezberdinetan eta baliabide desberdinekin bilatu dute, baina arrakastarik gabe.

Zazpi urte geroago, 2014ko abenduan, Gerra Zibileko fusilatuen gorpuzkiak bilatzen ari ziren espeleologo batzuek gorpua aurkitu zuten Gazteluko leizean, Donamarian (Nafarroa).

Sei hilabete geroago gaztearen aita atxilotu dute krimenaren ustezko egilea delakoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa gaur