Gizartea -

Eustateko datuak

Bidaiarien sarrerak % 12,5 ugaritu dira uztailean EAEn

Eustatek ezagutzera eman dituen datuen arabera, bidaiarien sarrerak hiru lurraldeetan areagotu dira: % 16,6 handitu dira Araban; % 13,6, Bizkaian, eta % 9,6, Gipuzkoan.

Turismoa
Turismoa
Araban hazi da gehien turismoa uztailean

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

293.712 bidaiarik hartu zuten ostatu joan zen uztailean EAEko hotel-establezimenduetan; hau da, aurreko urteko hilabete berean baino 32.544 gehiagok. Horrenbestez, % 12,5eko gehikuntza izan da, eta azpimarratzekoa da atzerriko bidaiarien % 21,1 egin dutela gora.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) gaur jakinarazi dituen datuen arabera, hiru lurraldeetan areagotu dira bidaiarien sarrerak: % 16,6 handitu dira Araban; % 13,6, Bizkaian, eta % 9,6, Gipuzkoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko hotel-establezimenduetan 590.414 gaualdi izan dira; horrenbestez, % 11,6ko gorakada izan da iazko uztailean izandakoekiko; 61.297 gaualdi gehiago izan baitira.

Adierazle horrek ere bilakaera positiboa izan du urtetik urtera hiru lurraldeetan: Bizkaian, % 14,0 goratu dira; Gipuzkoan, % 10,9, eta, Araban, % 5,8.

Jatorriari dagokionez, Iazko uztailaren aldean, % 5,2 ugaritu dira EAEn estatu-barruko bidaiarien sarrerak; baina, batez ere, atzerriko bidaiarien kopurua nabarmendu beharra dago, % 21,1 igo baita.

Araban, % 8,8 goratu da Estatuko bidaiarien kopurua eta % 31,3 atzerrikoena. Bizkaian, % 2,9 gehitu da Estatu barruko bidaiarien zenbatekoa; atzerriko bidaiaren sarrera, aldiz, % 27,5 areagotu da. Gipuzkoan, % 6,7 igo da Estatu barrutik datozen bidaiarien kopurua, eta atzerritik datozen bidaiariena, ordea, % 12,3.

Egonaldiaren batez besteko iraupena 2,01 egun izan da aurtengo uztailean: 2014ko uztailean erregistratutako 2,03 eguneko batez besteko egonaldiaren antzekoa. Araban, beherakada izan da: 1,74 egun, iazko 1,92 egunen aldean. Bizkaian, aurtengo uztaileko batez besteko egonaldia 1,95 egunekoa izan da, iaz bezala. Gipuzkoan, ordea, gorakada txiki bat izan da iazko datuarekin alderatuta: 2,16 egunetik 2,18ra.

Hotel-plazen okupazio-maila handiena Donostian erregistratu da (% 83,4); ondoren, Gipuzkoako kostaldean (% 79,2), eta Bilbon hurrena (% 71,5).

BBK Live eta jazz jaialdien tirakada

Eustatek azpimarratu egin du ere BBK Livek iraun bitartean (uztailaren 9tik 11ra), Bilboko gelen okupazio-maila % 94,3koa izan dela, 2014an baino 3,2 puntu gehiago. Egun horietan 9.014 bidaiari sartu ziren Bilbon, aurreko urtean baino % 6,6 gehiago.

Eustatek Donostiako Jazzaldiari buruzko datuak ere ematen ditu. Horrela, Jazzaldiak iraun bitartean (uztailaren 22tik 26ra), gelei eta plazei dagokien okupazio-maila % 94,6koa izan da, eta 10.751 bidaiari sartu ziren Donostiara, aurreko urtean baino % 9,9 gehiago.ç

Gasteizko Jazz jaialdiari buruz (uztailaren 14tik 18ra), okupazio-maila % 76,5 izan da, iaz baino % 5,4. Gainera, nabarmentzekoa da 5.030 bidaiari sartu zirela Gasteizen data horietan, 2014an baino % 2,7 gehiago, nahiz eta orduan egun bat gehiago iraun zuen.

EAEko landa-establezimenduen datuei dagokienez, 20.300 sarrera izan dira aurtengo uztailean iazko uztailean baino % 29,7 gehiago, hain zuzen ere. Lurraldeka, sarreren kopuruak ia bikoiztu egin dira Araban, % 27,5 handitu dira Bizkaian, eta % 18,9, Gipuzkoan.

Nekazaritza-turismoko establezimenduetan eta landetxeetan, 57.054 gau-igarotze izan dira guztira uztailean; horrenbestez, iazko hilabete beraren aldean,% 18,9 hazi da kopuru hori.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
BBK Live 2024 Bilboko azken albisteak Donostia bideoak Turismoa Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Jazz jaialdiak bideoak Gizartea bideoak Gasteiz Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoako albisteak Araba Ostatuei buruzko albisteak Eustat gaur Musika jaialdiak