Gizartea -

Lan-istripua

Kontzentrazio batekin amaitu da Volkswageneko 24 orduko lanuztea

Langilearen heriotza salatzeko eta segurtasuna aldarrikatzeko protestarekin bat egin dute langile gehienek. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan da.

Volkswagen Nafarroa
Volkswagen Nafarroa
Elkarrateratzea Volkswagenen, hildako langilearen heriotza gaitzesteko

00:23

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Lan esparruan heriotza gehiagorik ez" lelopean, kontzentrazio batekin itxi dute Nafarroako Volkswagenen egin duten 24 orduko lanuztea.

Enpresa batzordeak asteleheneko lan-istripua salatzeko eta segurtasuna aldarrikatzeko deitutako kontzentrazioa 13:00ean izan da, eta langileez gain, sindikatuetako ordezkariak ere egon dira. Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea ere bertan izan da.

Alfredo Morales enpresa batzordeko presidenteak deialdiak izan duen arrakasta azpimarratu du.

Era berean, enpresa batzordeak bere helburua bete omen du: alde batetik, hildako 34 urteko langile bulgariarraren familiaren ondoan egon eta, bestetik, "enpresa sektoreari mezu bat helaraztea, prebentzioa izan dadin lehentasuna".

"Prebentzioa oso garrantzitsua da gertatu zena bezalako zorigaiztoko gertakariak saihesteko", adierazi du Moralesek.

Kontzentrazioaren ondoren, fabrika normaltasunera itzuli da, arratsaldeko txandarekin.

Gainera, lanuztean langile gehienek, hornitzaileek barne, parte hartu dutela goraipatu dute sindikatuek, horri esker Landabenen ekoizpena gelditu dutelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Albisteak Nafarroa Lana berriak Volkswagen albisteak Automobilgintzari buruzko albisteak