Gizartea -

Elkarrizketa Euskadi Irratia

Uxue Barkos: '300 bat errefuxiatu hartzeko moduan dago Nafarroa'

Foru presidenteak migrazio krisian laguntzeko borondatea berretsi du, eta emakume nafarrei erkidegoko ospitale publikoetan abortatzeko aukera ematea "aldaketa gauzatzeko" beste pauso bat dela esan du.

Barkos: 'Nafarroan ez da abortoaren legea bete'

01:12

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Siriako eta Libanoko gatazkatik ihesi Europara jo duten errefuxiatuak hartzeko izapideak abiatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta "300 bat lagun hartzeko eta errefuxiatuen eremuetatik ateratzeko moduan dago Nafarroa", Uxue Barkos presidentearen esanetan.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, foru gobernua ACNUR Nazio Batuen Erakundeko errefuxiatuei laguntzeko erakundearekin harremanetan dago, baita Nafarroako beste erakunde batzuekin ere. Izan ere, Barkosen hitzetan, migrazio krisia "ez dagokio bakarrik Administrazioari", eta gizarteko beste erakunde eta pertsona batzuk sartu nahi ditu tartean.

Errefuxiatuen etorrera baimentzea Espainiako Gobernuari dagokio; beraz, honek migrazio kontseilua noiz bilduko duen zain dago Nafarroako Gobernua, eta berarekin batera koordinatuko dute prozesua.

Abortua Nafarroako sare publikoan

Fernando Dominguez Nafarroako Gobernuaren Osasun kontseilariak atzo ETBri aurreratutakoari dagokionez, emakume nafarrei osasun sare publikoan abortatzeko aukera ematea Nafarroan "aldaketa gauzatzeko" beste pauso bat dela agertu du foru presidenteak. Geroa Baiko buruzagiaren esanetan, UPNren aurreko gobernuek ez dute Legea bete, eta zentro pribatuetara edo beste erkidegoetako ospitaleetara bideratu dituzte emakumeak. Egoera hori iraultzeko, PSN bidelagun izango duelakoan dago Barkos, Espainiako Gobernuak Legean egindako moldaketa guztietan lagundu duelako PSOEk.

Gai politikoak hizpide, Iñigo Urkullu lehendakariarekin bi aste barru bilduko dela iragarri du Nafarroako presidenteak. Batzarrak "harremanak normaltzea" izango du helburu, eta, besteak beste, fiskalitatearen alorrean (EAEko kontzertu ekonomikoa eta Nafarroako hitzarmen ekonomikoa) "gobernu zentralak egindako erasoak" izango dituzte mahai gainean.

Uxue Barkosen hitzetan, fiskalitatearen alorrean EAEk eta Nafarroak "nortasun propioa" dute, baina biek "elkarrekin lan egiteko eta defentsa prestatzeko" aukera eta, batez ere, "beharra" dutela azpimarratu du.

Independentzia asmoen gainean Rajoyren gobernuak duen "espiritua" ere gogor kritikatu du Barkosek, eta Kataluniako auzian "politika barik indarra erabiltzea" leporatu dio. "Ez dut uste Katalunian dagoen espiritu horri erantzuna emateko modua denik. Ikusiko dugu zer erantzun ematen dion horri Kataluniako gobernuak, baina ziur naiz horrek mesede egingo diela independentziaren aldeko indarrei".

Bestalde, PPk bultzatutako balizko Konstituzioaren erreforma batek Nafarroako laugarren xedapen gehigarria kolokan jar dezakeela eta, "kezka" agertu du Nafarroako presidenteak. "Ikusteko dago UPNk horri begira zer jarrera hartzen duen", erantsi du.

Nafarroako Gobernuaren egitekoak

Nafarroako Gobernuaren lehentasunak gizarte mailakoak direla esan du Barkosek, baina "helburu politikoak bazter utzi gabe". Hori horrela, Nafarroa eta EAE batzea ez dago datozen lau urteetako agendan.

Bestalde, bake eta bizikidetzaren alorra zuzenduko duen pertsonaren bila jarraitzen dutela nabarmendu du, "adostasun osoa behar duen izendapena delako". Horren ildoan, ukatu egin du Gregorio Monreal izango dela zuzendaria.

EH Bilduk Geroa Bairi "leialtasun falta" egotzi diola eta, akordio programatikoa adostu zuten lau alderdien arteko harremanak "onak" direla esan du gobernuburuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Geroa Bai Gaurko albisteak Nafarroan Uxue Barkos albisteak