Gizartea -

ERREPORTAJEA

'Saharaz hegoaldeko ekintzaileok elkarrekin hazteko gunea sortu dugu'

San Frantzisko Bilboko auzoko afrikarrek Harrobia Lanbide Heziketa zentroarekin elkarlanean Koop SF34 proiektua abiatu dute. Saharaz hegoaldeko herritarrek bultzatutako coworking gizarte ekimena da.

Georges Belinga da Koop SF34 egitasmoaren bultzatzailea Argazkia: eitb.eus
Georges Belinga da Koop SF34 egitasmoaren bultzatzailea Argazkia: eitb.eus
Bilboko Sahara hegoaldeko talde batek elkarlanerako espazio bat sortu du

1:29

Maider Beistegi | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko bihotzean bada Babel Dorre txiki bat. Multikulturala, eleanitza, koloretsua, eklektikoa, askotarikoa, arriskutsua, goibeheratua eta marjinatua. San Frantzisko auzoari buruz mintzatzerakoan, muturreko berbak nahasten zaizkigu sarritan. Aspaldian jende dirudunen auzo, ehunka etorkinen eta euren familien aterpe da egun San Frantzisko. Bertako herritarrak desberdin bizi dira; komunikatzeko, antolatzeko, jateko, janzteko eta lanari ekiteko euren modua dute. Baina, moduak modu, gainerako auzoen osagarri izan nahi du; hari-mutur beretik heldu nahi dio San Frantziskok biziraupenaren sokari. Testuinguru horretan jaio da San Frantziskon bizi diren Saharaz hegoaldeko afrikarrek sortutako Koop SF34 egitasmo soziala.

Georges Belinga barakaldarrak argi hitz egiten du, zuzen. Orrazkera afroa, ibilera geldia eta hitz-jario handia du jatorri kamerundarreko afroeuskaldunak. Enpresa-ikasketak amaituta, Londres, Frantzia, AEB eta Alemania bisitatu zituen Georgesek. Euskal Herrian bueltan, San Frantziskon ireki zuen lehen negozioa: "San Frantzisko biltegiak arropa-denda ireki genuen eta auzoa eta auzokoen egunerokoa ezagutzen hasi ginen. Bezeroen artean, Hardi izeneko gazte batek harritu gintuen. Afrika Erdiko Errepublikako gazte honek urteak daramatza judo munduan txapelketa garrantzitsuak irabazten, eta 2016ean Olinpiar Jokoetan parte hartuko du".

San Frantzisko auzoan Hardirena bezalako beste asko daudela jabetu zen Belinga. "Saharaz hegoaldeko herritarrek hiru zailtasun handi dituzte negozioei ekiteko: ez dute gaztelania menperatzen, finantziazio arazoak dituzte eta San Frantzisko auzoko lokalen prezioak  -800 euro batez beste- garestiegiak dira. Udalak kudeatzen ditu horietako asko eta alokatzeko negozio-plan bat aurkeztu behar da".

Georges

Bilbo ez da New York

Georgesen ustez,  San Frantzisko aukera asko eskaintzen dituen lekua da eta arazoa ikuspuntua da: "San Frantziskoko garapena oso modu artifizialean egiten ari da. Auzoa garatu nahi dute auzokoak kanpo utzita. Funtsean, Brooklyng eta Soho auzoko garapen ereduak ekarri dituzte hona. Bilbok ez du  ghetto bat nahi Bilboren erdigunean. Zer egiten ari dira? San Frantziskoko lokal asko errekuperatzen ari dira, diseinatzaileei, arkitektoei, jostunei… eskainiz. Baina Bilbo ez da New York. Uharteak sortzen ari dira. Ez da aukera on bat ekintzaile hauentzat, finean euren erosleak ez direlako San Frantziskon bizi", deitoratu du.

San Frantzisko biziberritzeko udal planek "estalitako bazterketa sortu dute, atzerritarrek, Saharaz hegoaldekoek batez ere zailtasun handiagoak dituztelako euren ekimenak aurrera ateratzeko". Egoera horri aurre egiteko, Mondragon Taldea inspirazio iturri hartu eta Koop SF34 sortu du Belingak, beste 20 lagunekin batera. Izan ere, Afrikako esaera zahar batek dioenez, "azkar joan nahi baduzu bakarrik ibili, baina urruti iritsi nahi baduzu har ezazu bidai laguna".  Irabazi asmorik gabeko elkartea da, diru-laguntza publikorik gabekoa, Bilboko afrikar ekintzaile gazteen akuilu izan nahi duena.

san francisco

(Georges Belinga eta Betto Snay, Harrobi Plazan)

Harrobiaren lankidetza, ezinbestekoa

Proiektua hezurmamituta, gune apropos bat aurkitzea izan da zailtasunik handiena. Harrobiak, ikastolek lanbide heziketarako duten zentroak, ateak ireki zizkion ekimenari hasieratik. Hala, jarduera anitzeko enpresa talde bat lan gune berean ariko dira urritik aurrera, Harrobiako eraikinaren behealdean, Harrobi Plazan.

Coworking zentroak 11 egitasmo bilduko ditu, eta horietatik 8 enpresa sortzea aurreikusten dute; Saharaz hegoaldeko herritarrek bultzatutakoak denak ere. Pertsona hauei lana aurkitzea eta auzoaren garapena bultzatzeaz gain, gaztetxoek helduengan erreferente bat izatea lortu nahi du ekimenak.

Enpresa txikien haztegi honetan 100 bat lagunek hartuko dute parte. Proiektu anitzak bilduko ditu: kanpo-merkataritza, Sildofaya ikus-entzunezko ekoiztetxea, goi-mailako joskintzako lantegia,  Hardik zuzenduko duen borroka-arteen gimnasioa eta hizkuntzak ikasteko eskola, besteak beste.

san francisco

(Hardi kirolaria, judo ariketak egiten)

Koop SF34 elkartearen proiektuak

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Bilbo berriak Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE Eguneko albisteak Gaiak sakonean Eguneko albisteak Mendebaldeko Sahara azken ordukoa