Gizartea -

Gaixotasun infekziosoa

13 lagun kukurruku eztulak jota, Nafarroan

Zehazki, 15 eguneko epean 12 adingabe eta heldu bat gaixotu dira Esteribarren.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken bi asteetan, umeak eskola hastearekin bat, kukurruku eztularen agerraldi bat izan da Esteribarren (Nafarroan). Zehazki, 12 adingabe eta heldu bat gaixotu dira. Dena dela, kasu arinak izan dira denak, eta ez dituzte ospitaleratu behar izan.

Txertoa hartu gabe dauden umeen kopurua baino dezente handiagokoa da agerraldia. Txertatu gabeko bost adingabe bakarrik daude ibar honetan, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez zehaztu duenez. Normalean, txertoen estaldura % 95ekoa da Nafarroan.

Agerraldiaren aurrean, saio informatiboa egin zuten Nafarroako Lan Osasuneko eta Osasun Publikoko Institutuaren medikuek Zubiri herriko eskolan.

Foru Gobernuak oharrean azpimarratu duenez, garrantzitsua da umeei dagozkien txertoak jartzea. Kukurruku eztularen kasuan, "eraginkortasun handia" du kasu larrienetan eta "mugatuagoa" arinetan.

Egutegiaren arabera, umeei bi, lau, sei eta 18 hilabete dituztenean ematen diete kukurruku eztularen kontrako txertoa. Sei urterekin, gainera, oroitzapeneko dosi bat ematen diete.

Egun, hornidura arazoak daude Europan, eta erkidego gehienek oroitzapeneko dosi hori emateari utzi diote, behin-behinean. Nolanahi ere, Nafarroako Gobernuaren esanetan, behar izanez gero, karga osoko dosiak dituzte eskura.

2015ean, gora egin dute Nafarroan kukurruku eztularen kasuek. Izan ere, 73 kasu atzeman dituzte jada, eta 33 lagun gaixotu ziren 2014an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan