Gizartea -

1997an hil zuten

Atxilotu egin dute Eva Blancoren ustezko hiltzailea, 18 urteren ostean

Atxilotua, A.C.G., marokoar jatorrizko espainiarra da eta de Pierrefontaine Les Varansen (Frantzia) bizi da.

Azken 18 urteetan, 100 ikerketa-ildo baino gehiago zabaldu dira. Artxiboko irudia: EFE
Azken 18 urteetan, 100 ikerketa-ildo baino gehiago zabaldu dira. Artxiboko irudia: EFE
Eva Blancoren ustezko hiltzailearen atxiloketaren irudiak

1:05

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak -Guardia Zibilarekin elkarlanean- 52 urteko Espainiako herritar bat atxilotu du -marokoar jatorrikoa- Pierrefontaine Les Varans herrian, Eva Blanco Puig gaztearen hilketaren zerikusia duelakoan, Guardia Zibilak ohar baten bidez zabaldu duenez. Blanco 1997an hil zuten Algeten (Madril).

Gaztearen hilotza bide bazterrean agertu zen, Las Pesqueras deitutako leku batean, M-100 errepidearen biribilgune baten ondoan, indarkeria zantzuak zituela. Ondoren, autopsiaren bidez jakin izan zuten 20 bat labankada eman zizkiotela garondoan eta bizkarrean. Era berean, autopsian DNA laginak jaso zituzten, gizonezko batenak, eta, orain, erabakigarriak izan dira atxilotutako pertsona topatzeko.

Gorpua agertu zenetik, Madrilgo Guardia Zibilaren Komandantziako Hilketen Taldeak ikerketa abiarazi zuen, 'Pandilla' operazioa izenekoa.

Operazio horren baitan egindako ikerketetan (azken 18 urteetan) biktimaren inguruko pertsonak ikertu dituzte, esaterako, lagunak, senideak eta ezagunak, baina aipatutako ahaleginok ez zuten argirik eman.

100 ikerketa 18 urtetan

Azken 18 urteetan, 100 ikerketa-ildo baino gehiago zabaldu dira, gizartearen eta hedabideen laguntza eskatuz. Horri esker, pertsona ezezagun asko harremanetan jarri izan dira Guardia Zibilarekin, datuak emateko, eta laguntza horrek egin du ikerketak zabalik jarraitzea.

Azkenik, horietako ildo batean pertsona talde zehatz bat ikertu zuten eta, horrela, ustezko erasotzailea topatu dute, Pierrefontaine Les Varansen. Atxilotuak 1999an alde egin zuen Espainiatik.

Horretarako, ezinbestekoak izan dira Santiagoko Unibertsitateko Medikuntza Fakultateren baitan dagoen Auzitegi Medikuntzako Institutuak eta Guardia Zibilaren Krimenaren gaineko Zerbitzuak egindako lana, DNAri dagokionean. Ondoren, Frantziako Poliziarekin batera egindako elkarlanean lortu egin dute ustezko hiltzailea aurkitzea.

Atxiloketa gaur, osteguna, izan da 14:30ean, Torrejon de Ardozko Epaitegiak emandako eta Besaçongo Auzitegiak gauzatutako atxilotzeko eta entregatzeko euroagindu batez baliatuta. Ustezko hiltzaileak 52 urte ditu eta Taza (Maroko) herriko bizilaguna da, jaiotzez. Ikerketarekin jarraitzeko, atxilotua Espainiaratu egingo dute.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak argazkiak Frantzia Gaurko azken ordukoa