Gizartea -

Erandioko krimen matxista

Atxilotu egin dute Almudenaren ustezko hiltzailea

Gizonezkoa jatetxe baten aparkalekuan zegoen, Akarlandan. Tratu txarren aurkako telefonoa: 016.

Ertzaintzak atxilotu egin du Erandioko emakumezkoaren bikotekidea

3:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erandion hil duten emakumezkoaren bikotekidea, gizonezko bat, atxilotu egin dute astelehen arratsaldean, Erandion, krimenaren egilea delakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik baieztatu dutenez.

Biktima, Almudena Matarranz, astelehen goizean topatu dute hilik, mutil-lagunaren etxebizitzan. Emakumea desagertuta zegoen igandetik, eta Ertzaintza gizonezkoa bilatzen ari zen.

Azkenean, Erandion topatu dute, Akarlanda parkean dagoen jatetxe baten parkinean, autoaren barruan.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak baieztatu egin du krimena genero indarkeria kasua izan dela.

Bestalde, Bilboko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat adostu du arratsalde honetan, krimena gaitzesteko. Biktima Bizkaiko hiriburuan erroldatuta zegoen.

Agiri horretan, Juan Mari Aburto alkateak eta EAJko, EH Bilduko, PSEko, PPko, Udalberriko eta Goazen Bilbaoko bozeramaileek "samina eta ezin ulertua" adierazi diete biktimaren senideei eta lagunei.

"Heriotza hau indarkeri matxistaren adierazpiderik larriena da, baina egunez egun asko dira emakumeen kontra zuzentzen diren jarrerak eta adierazpenak, eta horiek guztiak gaitzestekoak eta arbuiatzekoak dira", ohartarazi dute.

Bilboko eta Erandioko udalek hilketa gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute astearterako, 13:00etan.

Aldundiak "arbuio irmoa" agertu du, eta emakumeen kontrako erasoen aurrean, erakundeek "funtsezko zeregina" dutela adierazi du.

Agiri batean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak nabarmendu du "matxismoaren abusuen aurka esparru guztietan" egin behar dela borroka, "bai pribatuan, bai publikoan".

 

_____________________________________

Tratu txarren biktima bazara edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono zenbaki hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Doakoak dira biak, eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista gaur Erandio