Gizartea -

OPERAZIOA

81 lagun atxilotuta, lau Euskal Herrian, haur-pornografiarekin lotuta

Espainiako Poliziak 81 lagun atxilotu ditu, horietako lau Euskal Herrian (Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan) haur-pornografiaren aurka abiatutako operazioan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Poliziak 81 lagun atxilotu ditu, horietako lau Euskal Herrian (1 Bizkaian, 1 Gipuzkoan eta 2 Nafarroan) haur-pornografiaren aurka abiatutako operazioan. Estatuko 28 lurraldetan egindako operazioan, Internet bidez, P2P sareen bidez, haurren bideo eta argazkiak elkartrukatzen zituzten atxilotuek, Ministerioak ohar bidez jakinarazi duenez.

Poliziaren Zuzendaritza Nagusiaren arabera, atzemandako irudi horietako batzuk "oso gogorrak" dira eta, are gehiago, sadismoaren baitan ere kokatu omen daitezke.

Atxilotu guztiak gizonezkoak dira eta tartean bi adin txikiko eta gutxitasun intelektuala duten bi pertsona daude.

Espainiako Poliziak sarean egin ohi duen behaketaren ondorio izan da polizia-operazioa; izan ere, material pornografikoa elkartrukatzeko, banatzeko eta jaisteko erabiltzen diren kanalak edo bitartekoak zelatatzen dituzte poliziek.

Urtebeteko ikerketaren ondotik, haur pornografiarekin lotutako adin txikikoen argazkiak eta bideoak elkartrukatzen zituzten dozenaka erabiltzaile identifikatu zituen Polizia.

300 agentek parte hartu dute polizia-operazioan eta guztira 81 pertsona atxilotu dituzte estatu espainiarrean: 14 Madrilen, 11 Bartzelonan, 6 Valentzian, 6 Alicanten, 5 Sevillan, 4 Balear Uharteetan, 4  Pontevedran, 3 Cadizen, 2 Gironan, 2 Albaceten, 2 Valladoliden, 2 Huelvan, 2 Jaenen, 2 Malagan, 2 Nafarroan, 2 Las Palmasen, 1 Gipuzkoan, 1 Bizkaian, 1 Zamoran, 1 Tenerifen, 1 Coruñan, 1 Kantabrian, 1 Tarragonan, 1 Lleidan, 1 Almerian, 1 Murtzian, 1 Asturiasen eta 1 Zaragozan.

Atxilotutako adingabeetako baten etxebizitzaren miaketan marihuana plantazio bat atzeman dute eta, hori dela eta, adiganbearen aita ere atxilotu egin dute osasun publikoaren kontrako delitua egotzita.

Orotara, 80 miaketa egin dituzte eta material mordoa atzeman dute: 96 disko gogor, 58 ordenagailu, 68 pendrive, 4 tablet, 195 CD eta DVD, 18 eskuko telefono, 25 memoria txartel, kontsola bat, mp4 bat, bideokamera bat eta bi argazki makina.

Polizia atzemandako materiala aztertzen ari da orain atxilotuek egin ahal izan dituzten delituak argitzeko eta beste pederastekin izan dezaketen harremana ikertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa Albisteak