Gizartea -

Abenduaren 21a

Errefuxiatuen aldeko eguna izango da aurten Bilboko San Tomas

BBK Fundazioak, azokaren antolatzaileak, saria emango dio CEAR errefuxiatuen aldeko elkarteari, eta dirua bilduko du iheslariei laguntzeko.

Santo Tomas Bilbon 2014
Santo Tomas Bilbon 2014
Santo Tomas Bilbon 2014

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko San Tomasek elkartasun kutsu nabarmena izango du aurten. Aurreko urteetan bezala, Bilboko Areatzan eta Plaza Barrian milaka lagun batuko dira, baina oraingoan elkartasunari keinu bat egin nahi izan diote antolatzaileek.

Azokaren antolatzaileak, BBK Fundazioak, ohar baten bidez jakitera eman duenez, "aurten gerrak edo naturaren hondamendiak direla-eta, beren etxetik alde egin behar izan duten pertsonen errealitateari begiratuko zaio". Hala, Errefuxiatuen Laguntzarako Euskadiko Batzordeari (CEAR) saria emango diote, giza eskubideen, errefuxiatuen eta gizartean baztertzeko arriskuan daudenen alde egiten duen lana eskertzeko. Javier Galparsoro CEAR Euskadiko presidenteak jasoko du, horrenbestez, BBK Gureak saria, hasierako ekitaldian bertan.

Horrez gain, nekazaritzako produktuen saltokiez gain, gune solidario bat ere paratuko dute CEAR Euskadirentzat dirua batzeko.

286 saltoki eta 140 ekoizle

Aurten, guztira 286 postu izango dira Bizkaiko 140 ekoizleren produktuak eskaintzeko: ortuariak, fruta, gazta, eztia, hestebeteak, kontserbak, ogia, gozokiak, txakolina, sagardoa, esnekiak, landareak eta abar. Plaza Barrian, Bilboko Zazpikaleetan eta Areatzan jarriko dituzte saltokiak.

Horrez gain, BBK Bioeskola jarriko dute Arriaga Plazan, umeei zuzendutako etxola. Produktu ekologikoekin osatutako pizza eta txapa dibertigarriak egiteko aukera izango dute bertan etxeko txikienek.

Azken lau urteetan bezala, ekoizle onenari saria emango dio BBK Fundazioak. Sari banaketa, baina, ez dute azoka egunean egingo, urtarrilaren 12an baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak San Tomas azoka Euskal hiriburuak Gaurko albisteak Bizkaia Gabonak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errefuxiatuak Euskadiko feriak