Gizartea -

Sariak

Salmond eta Garamendi, 2015eko Sabino Arana sarietako saridunen artean

Halaber, Maialen Chourraut, CEAR Euskadi, Leopoldo Zugaza kultur sustatzailea eta Velatia industria-taldea ere aintzatetsiko dituzte.

Alex Salmond, Artxiboko irudia. EFE
Alex Salmond, Artxiboko irudia. EFE
Alex Salmond, Artxiboko irudia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alex Salmond, Eskozia lehen ministro ohi, eta John Garamendi, AEBetako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata eusko-kaliforniarra, 2015eko Sabino Arana saria jasoko dute,  urtarrilaren 31n Bilboko Arriaga antzokian egingo den ekitaldian. Horiekin batera, Maialen Chourraut arraunlari gipuzkoarra, CEAR-Euskadi Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea,  Leopoldo Zugaza kultur eragileak eta Velatia industria-talde teknologikoa sarituko dituzte.

Alex Salmond Eskoziako Alderdi Nazionalistako (SNP) buruzagia da eta, Eskoziako lehen ministro ohiaren jarduna joan zen urtean ere aintzatetsi nahi izan zuten, baina ezin izan zuenez saria jasotzera berak etorri, sarien patronatuak saridunik gabe uztea erabaki zuen.

Aurten, urtarrilaren 31n Bilbon egongo dela baieztatu ostean, Salmondek jasoko du golardoa, "Eskoziako herritarren borondatea eta eskoziarren asmo demokratiko eta bidezkoak adierazteko bideari ofizialtasuna aitortzea lortzegatik".

Aldi berean, eta John Garamendik, AEBetako Ordezkarien Etxeko politikari demokrata eusko-kaliforniarrak egindako lana ere goretsiko dute, "AEBetan euskal izaera bizik mantentzearen alde egindako ekarpenarengatik".

Bestalde, Maialen Chourraut arraunlari gazteak, jarleku bakarreko kayak ontziko espezialistak, ere saria jasoko du. Europako txapelduna da eta "ondo baino hobeto erakutsi digu eguneroko lana, eguneroko ahalegina, nekea eta apaltasuna giltzarik onenak direla goi-mailako kirol-lehiaketan arrakasta lortzeko eta nazioarteko aitorpena norbereganatzeko" azpimarratu dute antolatzaileek.

Sabino Arana Fundazioak Leopoldo Zugaza bibliografoa, editorea eta kultur eragilea ere sarituko du XXVII. edizioan, "euskal kulturari egindako berebiziko ekarpenagatik".

Edizio honetako beste saridun bat CEAR-Euskadi elkartea izango da "giza eskubideak defendatzen eta sustatzen eman dituen 25 urtetik gorako lanagatik".

Azkenik, Sabino Arana Fundazioak Velatia industria-talde familiarra eta euskal enpresaren eredua goretsi eta saritu du, "pertsonekiko konpromisoari, enplegua sortzeko konpromisoari eta aberastasuna Euskadin eta Euskadirentzat sortzeko konpromisoari eutsi dielako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa