Gizartea -

Oinarrizko elikagaiak

Familia behartsuentzako elikagaien salmenta atzeman dute Iruñean

Elikagaiak Europar Batasunetik datoz, eta estatu-kideen artean banatzen ditu beharrizan gehien dituzten familien artean doan bana ditzaten.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herritarren laguntzak Iruñeko Udaltzaingoari ahalbidetu dio San Jorge auzoko denda batean Europar Batasunak eman eta familia behartsuei zuzendutako elikagaiak saltzen ari zirela antzematea.

Iruñeko Udalak ohar baten bidez jakanarazi duenez, produktu horiek doakoak dira eta debekatuta dago saltzea, berorien xedea baita beharrizan gehien dituzten pertsonei oinarrizko produktuak zuzkitzea.

Gertaerak urtarrilean jazo ziren. Ongintzazko elkarteekin lankidetzan aritzen den herritar batek Udaltzaingoari jakinarazi zion San Jorge auzoko elikagaien saltoki batean, pertsona eta familia behartsuentzat Europar Batasunak doan emandako pasta paketeak saltzen ari zirela.

Elikagaiak Europar Batasunetik datoz, eta estatu-kideen artean banatzen ditu beharrizan gehien dituzten familien artean doan bana ditzaten.

Gainera, produktuen potoetan bertan, honako mezu hau agertzen da: "Europar Batasuneko familia behartsuenei laguntzeko elikagaien 2013ko plana – Debekatuta dago saltzea".

Udaltzaingoak aipatu saltokia arakatu zuen, eta antzeko ezaugarriak zituzten zenbait elikagai-pakete atzeman zituen. Saltokiaren jabeak ez zuen jakin esaten zein zen produktu horien jatorria.

Ikerketak irekita jarraitzen du elikagaiak nondik zetozen argitzeko asmoz. Gauzak horrela, Iruñeko Udaltzaingoak herritarrei dei egin die halako elikagairik eros ez dezaten, baita 092 telefonora dei egin dezaten ere, halako salmentaren gaineko berririk izanez gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Iruñea gaur Gizartea bideoak Albisteak