Gizartea -

Tratu txarrak

Emakume bat atxilotu dute Huelvan semea giltzapean izateagatik

Poliziaren esanetan, emakumeak katez eta giltzarrapoz itxitako logela batean uzten zuen adingabea bera lanean zegoen bitartean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Almonteko (Huelva) Udaltzaingoak emakume bat atxilotu zuen atzo, zazpi urteko semea etxebizitzan giltzapean uztea egotzita. Polizia iturrien arabera, oso egoera txarrean zegoen logela batean utzi zuen adingabea, atea katez eta giltzarrapoz itxita.

Epaileak 200 metroko urruntze agindua ezarri dio emakumeari, tratu txarrak eta abandonatze delitua egotzita. Horrez gain, guraso-ahala kentzeko izapideak abiatu ditu.

Udaltzaingoak 15:00etan izan zuen horren berri, auzokoek etxebizitza bateko balkoian ume bat negarrez eta laguntza eske ikusi zutela ohartarazi zienean. Agenteak bertaratutakoan, logelako atea giltzarrapoz eta katez itxita zegoela ikusi zuten.

"Zikin eta gosetuta"

Udaltzaingoak ohar baten bidez esandaren arabera, suhiltzaileek zabaldu behar izan zuten logela. Umea bakarrik zegoen bertan, "zikin eta gosetuta". Logela bera ere oso egoera txarrean zegoen.

Prommesas Unitateak, Almonteko Udaltzaingoak emakume eta adingabeak artatzeko duen unitate bereziak, gerora jakin duenez, aurretik ere utzi izan du inoiz giltzapean semea emakume horrek; adingabeak eskolarik ez zuen bakoitzean, "06:30etik 16:30era, bera lanean zegoen bitartean, ixten zuen logela horretan", argitu dute.

Horrez gain, umeari tratu txarrak ematen ikusi zuten bi lekuko aurkitu dituzte. Hortaz, abandonatze delituaz gain, tratu txarrak ematea ere leporatu diote emakumeari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Espainia albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak