Gizartea -

Kamiñaldeko luizia

Ondarroako kaltedunak ezingo dira hilabete batzuetan etxera itzuli

Jaurlaritzak 40 etxebizitza ditu, dagoeneko, luiziaren ondorioz etxetik atera behar izan duten kaltetuen eskura jartzeko. Angel Toña sailburuak adierazi duenez, pitzadura etengabe hazten ari da.

kaltetuak Ondarroan
kaltetuak Ondarroan
Bizilagunak hasi dira euren beharrak ezagutzera ematen

2:16

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Hilabeteak" beharko dira luiziaren ondorioz etxetik atera behar izan duten 176 familiak euren bizitokietara itzultzeko, Eusko Jaurlaritzak gaur jakitera eman duenez. Lur-jausiak eragindako "kaltea handia" da eta egoera bere onera ekartzen "denbora asko" beharko dela esan du Angel Toña Etxebizitza sailburuak. Aurreratu duenez, dagoeneko 40 etxebizitza dituzte, herritarrek utzitakoak, kaltetuen eskura jartzeko.

Asteroko Gobernu Bileraren ostean eman ditu azalpenok hedabideen aurrean Toñak. Esan duenez, egoera kudeatzen ari den erakundeen "lehentasuna" kaltetutako familiei laguntzea da.

Ondarroako eta inguruko herrietako herritarrek, dagoeneko, 40 etxebizitza inguru utzi dituzte Alokabideren esku, kaltetutako familientzat. Etxebizitzen alokairu publikoaren kudeaketaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua da Alokabide.

Kaltetutako asko senitartekoen eta lagunen etxeetan daude, joan den asteburutik. Oraindik bizitokirik ez dutenei ere, lehenbailehen konponbidea ematea dela helburua esan du Toñak.

Etxebizitza gehiago beharko dituztela eta, berriro dei egin die sailburuak herritarrei, etxe hutsak Jaurlaritzaren esku uzteko. Alokairua ordainduko zaiela eta utzitako baldintza beretan itzuliko zaiela etxea gogorarazi die etxejabeei.

Pitzadura, handitzenHalako ezbeharraren aurrean erakundeen "erantzun koordinatua" nabarmendu du Toñak. Ondarroako bizilagunen jarrera "eredugarria" ere txalotu du.

Kamiñaldeko mendi-hegalaren pitzadurak ondorengo ordu eta egunotan izango duen bilakaera zein izango den ez jakiteak herritarren kezka areagotzen duela esan du sailburuak. Bere hitzetan, pitzadura handitzen ari da, eta oraingoz, mendi-hegaletik lurra erretiratzen ari dira, presioa ekiditzeko. Teknikariek aurreikusi dutenez, 500.000 metro kubiko lur kenduko dituzte bertatik. Kamioiein joan-etorrirako pideak egokitu dituzte, jada.

Luze joko badu ere, kaltetutako familiak euren etxeetara itzuliko direla ziur agertu da Toña.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gizartea albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Etxebizitza gaur Harri-jausiak Ondarroa argazkiak