Gizartea -

Ikuskizuna Bilbon

EH Bilduk onartu du 'arinegi' egin zuela Wismichu youtubarraren kontra

Hala ere, Campos Antzokiak oraindik ez du argitu larunbat honetarako iragarrita zegoen ikuskizuna mantenduko duen edo ez.

Wismichu youtuberra.
Wismichu youtuberra.
Wismichu youtuberra.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk aitortu du “azkarregi” eskatu ziola Bilboko Udalari Wismichu youtuberraren ikuskizuna bertan behera uzteko. Larunbat honetan eskaini behar zuen emanaldia Campos Antzokian, baina polemika honen harira, ez dago argi mantenduko duten edo ez.

Wismichuren emanaldietan “pederastiaren apologia” egiten dela eta “eduki sexualez” beteta dagoela salatu zuen ama batek Tenerifen, ikusle asko adingabeak diren arren. Salaketa horrek hautsak harrotu zituen.

Gauzak horrela, Wismichuk bideo bat publikatu zuen youtuben, bere espektakulua umorean oinarritzen dela esanez eta urtebetean “ia 200 emanaldi” eskaini dituela eta ez dela inolako kexarik izan, “ikusleen artean guraso ugari izan diren arren”.

Atzo EH Bilduk Bilboko ikuskizuna bertan behera uztea eskatu zuen, baina gaur onartu du “azkarregi” jokatu zuela, pederastia akusazioari dagokionez.

“Akusazioen larritasunak eta ikuskizuna egun pare bat beranduagorako programatuta egoteak eraman ginduen udal gobernuari eskaria egitera. Onartu behar dugu, larritasun horrekin jokatzean, ontzat eman genituela ikuskizunaren kontrako hainbat akusazio, alde batera utziz egileak esandakoa”, dio ohar batean.

Hori dela eta, youtuberraren edukiak aztertu ondoren, EH Bilduk onartzen du ezin dutela  frogatu “pederastiaren apologia” egiten duela.

Hala ere, egileak aitortzen duenez bere bideoetako komentarioak “matxistak, arrasiztak eta xenofoboak” direla, ikuskizunak horrelako edukirik ez dituela baieztatzeko eskatu dio Bilboako Udalari.

EH Bilduk egindako eskaria aintzat hartuta, Campos Antzokiak sarreren salmenta eten zuen. Ikuskizuna mantendu edo ez gaur erabakiko zutela zehaztu zuten. Alabaina, oraindik ez dute argibiderik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko azken albisteak EH Bildu Araba