Gizartea -

LANKIDETZA-AKORDIOA

Txirrindularitza eta Internet, euskararen sustapenerako elkarlanean

PuntuEUS Fundazioak, Euskal Herriko Itzuliarekin, Emakumeen Birarekin eta Tropela Elkartearekin batera, apirilaren 1etik 17ra bitartean .eus domeinua zabaltzeko kanpaina jarriko du martxan.

Beñat Intxaustik eta Leire Olaberriak babestuko dute kanpaina. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.
Beñat Intxaustik eta Leire Olaberriak babestuko dute kanpaina. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.
Beñat Intxaustik eta Leire Olaberriak babestuko dute kanpaina. Argazkia: PuntuEUS Fundazioa.

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PuntuEUS Fundazioak hedabideei bidalitako ohar baten bidez jakinarazi duenez, PuntuEUS Fundazioak, Euskal Herriko Itzuliak, Emakumeen Birak eta Tropela Elkarteak euskararen erabilera txirrindularitzan eta Interneten sustatzeko lankidetza akordio bat sinatu dute.

Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak, Jose Luis Arrieta Euskal Herriko Itzuliaren presidenteak, Agustin Ruiz Larrinaga Emakumeen Birako antolatzaileak eta Egoitz Lizaso Tropela Elkarteko arduradunak asteazken honetan lortutako akordioari esker abian jarriko dituzten ekimenak aurkeztu dituzte.

Arrietak eta Larrinagak webgune berriak aurkeztu dituzte: Euskal Herriko Itzuliarena eta Emakumeen Birarena. Bi atarietan .eus domeinua erabiliko dute eta eduki guztia euskaraz ere kontsultatu ahal izango da.

Hitzarmenari esker, probetako antolatzaileek PuntuEUS Fundazioarekin eta Tropela Elkartearekin lan egingo dute euskararen erabilera bultzatzeko. Teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko sortu zen Tropela, eta txirrindularitzaren esparrua hautatu zuen. 2005etik da Tropela sarean eta txirrindularitza profesionaleko lasterketen inguruko lehiaketak ditu oinarri, bai gizonezkoenak baita emakumezkoenak ere.

Zabalkunde kanpaina

Horrez gain, PuntuEUS Fundazioak, apirilaren 1etik 17ra bitartean iraungo duen .eus domeinuaren zabalkunde kanpaina aurkeztu du. Beñat Intxausti eta Leire Olaberria txirrindulari profesionalak dira kanpainaren protagonistak. Kanpainan, domeinu izena eskuratu ahal izango da, 15 euroan.

Halaber, PuntuEUS Fundazioak bere domeinu-izena oparituko die Itzuliko eta Birako lehen euskaldunei, webgune pertsonalak sor ditzaten.

Josu Waliño PuntuEUS Fundazioko zuzendariak adierazi duenez, “txirrindularitza ekitaldiek euskal komunitatea elkartzeko gaitasuna dute. Gure txirrindulariak munduko onenekin lehiatzen dira, eta hori da .eus domeinuak nahi duena: euskara, sarean, nazioarteko domeinu handien mailan, kokatzea”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txirrindularitza Euskal Herriko Itzulia Euskarari buruzko berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Internet gaur