Gizartea -

Profila

'Torbe', komikigile izatetik 'porno freak' generoaren errege izatera

Ignacio Allende Fernandezek La Comictiva komiki-aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. Miles de Albañiles musika taldean ari zenean, 'Natxo Torbellino' deitzen zioten, eta hortik datorkio 'Torbe' ezizena.

Ignacio Allende Fernandez 'Torbe'. Argazkia: EiTB
Ignacio Allende Fernandez 'Torbe'. Argazkia: EiTB
Ignacio Allende Fernandez 'Torbe'. Argazkia: EiTB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Allende Fernandez, Torbe, (Portugalete, Bizkaia, 1969ko maiatzak 25) marrazkilaria eta komikigilea izan zen, baina porno zineman egindako lanagatik da ospetsua.

La Comictiva komiki-aldizkaria sortu eta zazpi urtez zuzendu zuen. Hasiera batean, Miles de Albañiles musika taldean ari zenean, 'Natxo Torbellino' deitzen zioten, baina 1996az geroztik erabiltzen du 'Torbe' goitizena.

Interneten aritzeko laburtu zuen ezizena, txatetan sartu ahal izateko. Orduz geroztik, izengoitia erabili du beti. Porno munduan, umorea eta sexua nahasten dituen “porno freak” izeneko generoaren erregea da. Genero hori berak sortu zuela esaten du.

Loiuko (Bizkaia) Munabe ikastetxean ikasi zuen 13 urtetik 18ra, eta marrazkigintzarako dohain handiak zituelako nabarmendu zen. Institutua utzi ondoren, irrati batzuetako programetan aritu zen lanean 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran.

90eko hamarkadaren hasieran, marrazkilari bezala egin zuen lan, Donostian egindako La leyenda del viento del Norte marrazki bizidunen filmean. Urte horietan, irratia, komikiak eta marrazkiak uztartu zituen diru pixka bat irabazteko. Gainera, udan hainbait hotel eta diskotekatan aritu zen lanean, festa animatzaile eta dekoratzaile gisa.

1996an, Miles de Albañiles musika-taldea sortu zuen, Rober Garay eta Javier Mutante Leterekin batera. 60 kontzertu baino gehiago eskaini zituzten elkarrekin, eta Gritis Jits izeneko diskoa argitaratu zuten. 1999an desegin zen taldea.

1996an, ‘la página Torbellinesca’ sortu zuen, eta, 1999an, putalocura.com ataria. Azken horrek 300.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu egunero. 2005ean, AVN sarietarako proposatu zuten. Porno zinemaren ‘Oscar’ sariak dira, eta Las Vegasen banatzen dituzte. 2013an, abeslari ibilbideari ekin zion berriro, “La puntita nada más” kantarekin.

Isunak, salaketak, zigorrak eta polemikak

2000n, MetroBilbaorekin izan zuen auziak komunikabideetan ere izan zuen oihartzuna. Isuna jarri zioten Aiboa Getxoko auzoko tren-geltokian makina baten gainetik salto egiteagatik.

2005ean, Torrelavegako Udalak (Kantabria) auzitara eraman zuen Torbe. Izan ere, 2004an, artikulu bat idatzi zuen bere webgunean, herri horretako emakumeak itsusiak zirela esateko, eta Torrelavegako emakumeen argazkiak erabili zituen horretarako.

2006ko urrian, atxilotu egin zuten, bere filmetan 17 urteko neska bat erabili izana egotzita. Bi egun geroago, epaileak aske utzi zuen.

2012ko otsailean, Madrilgo Probintzia Auzitegiak urtebeteko espetxe-zigorra jarri zion 'La Hora de Oro' telebista lehiaketaren bidez dirua legez kanpo irabazteagatik. Ikusleek programara deitu behar zuten, eta sari bat irabaziko zuten galdera bati erantzun zuzena emanez gero. Epaiaren arabera, bi akusatuek “iruzur egin zuten”, deiak 803 telefono batera bideratu baitzituzten “nahi gabe”.

2014ko uztailean, “Soy un rumano en Madrid” abestia argitaratu zuen, eta polemika handia piztu zen. Besteak beste, Espainiako errumaniarrak prostitutak eta lapurrak direla zioen bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Komikiak