Gizartea -

OIARTZUN

Lau urteko zigor-eskaera edalontzi batez beste bati begia urratzegatik

Bi akusatuak eztabaidan hasi ondoren, batak eraso eta belarrian kosk egin zion besteari, eta besteak edalontzi batez eskuineko begian kolpatu zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du emakume batentzat, beste bati eskuineko begi-globoa lehertzeagatik, Oiartzungo (Gipuzkoa) diskoteka batean. Akusatuak, liskar batean, aurpegian kolpatu zuen beste emakume bat edalontzi batekin.

EFEk zabaldu duenez, Fiskaltzaren salaketa-idazkiaren arabera, gertaerak 2012ko abuztuaren 19an jazo ziren, diskoteka baten kanpoaldean. Bi inplikatuak elkarrekin eztabaidatzen hasi ziren, eta bietako bat, antza, besteari kolpeak ematen hasi zitzaion eta belarrian kosk egin zion. Aldi berean, erasoa jaso zuenak "aurpegian eman zion esku batean zuen edalontziarekin" eta "masailetan eta eskuineko begian" jo zuen. Erasoaren ondorioz, "begi-globoa lehertuta, kornean zauri handi bat eta afakia" zituela ikusi zioten ospitalean. Horrez gain, zauri txikiago bat zuen ezkerreko begiko kornean, eta ebakiak aurpegian.

Kaltetuak 842 egun behar izan zituen lesio horiek guztiak sendatu eta ohiko bizimodura bueltatzeko, baina ondorio hauek utzi zizkion: leukoma larri bat eskuineko begian, lente bat jarri behar izan zioten begi barruan, leukoma arin bat ezkerreko begian eta ikusmen-zolitasunaren galera handia. Halaber, malko-jarioan alterazio etengabe eta iraunkorrak utzi zizkion, eta kalte estetiko "moderatua".

Beste akusatuak, berriz, hantura edo tumefakzio bat izan zuen kopetaren ezkerraldean, handitua belarri-hegalaren atzean, urradurak lepoan eta zenbait hematoma. Horietako bik ez zioten bere ohiko bizimodua egiten utzi, baina zazpi egunetan sendatu ziren eta ez zioten inolako arrastorik utzi.

Zigorra, kalte-ordaina eta isuna

Gertakari horiek direla eta, Fiskaltzak lau urte eta erdiko espetxe-zigorra eskatu du edalontziarekin bere aurkariari eraso zion emakumearentzat, lesio delitu bat egin izana egotzita, eta biktimari 107.770 euroko kalte-ordaina emateko eskatu du.

Begiko kolpea sufritu zuen emakumearentzat, berriz, 450 euroko isuna eskatu du, lesioak eragiteagatik, eta beste akusatuari 274 euroko kalte-ordaina ematea. Izan ere, liskarrean beste emakumea kolpatu zuen eta belarrian kosk egin zion.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Gizartea Oiartzun bideoak