Gizartea -

Elkarretaratzea

Seme-alabek euskaraz ikasi ahal izatea aldarrikatu dute Iruñean

Hainbat gurasok elkarretaratzea egin dute udaletxean, haurrek D ereduan ikasteko eskubidea defendatzeko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko 60 familiak elkarretaratzea egin dute gaur, Udalari bermeak eskatzeko. Izan ere, 0-3 urte arteko seme-alabak D eredura aldatu diren hainbat eskolatan aurrematrikulatu dituzte, baina epaile batek euskararako aldaketa hori gelditu du behin-behinean.

Hain zuzen, 135 ume dira kaltedunak, eta gurasoek “kezka” agertu dute, ikasturtea “kolokan” dagoelako.

Garikoitz Torregrosak azaldu duenez, familiek “arriskuan” ikusten dute 0-3 urte arteko seme-alabak euskaraz matrikulatzeko aukera, dagoeneko aurrematrikulatu dituzten arren, epailearen erabakiaren ondorioz.

Udalak helegitea aurkeztu zuen, eta kautelazko neurria baliogabe uztea eskatu zuen, aurrematrikula egin duten familiei ez kaltetzeko.

Sendi kaltedunei ohartarazi dute epailearen agindua bertan behera geratzen ez bada, euren eskubideak “urratu” egingo dituztela “berriz”.

Hori horrela, euren seme-alaben “hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak” har ditzan eskatu diote Udalari, etxetik “gertuen” dauden eta D ereduan irakasten duten eskoletan matrikulatu ditzaten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Iruñea gaur Nafarroa Gaurko azken ordukoa