Gizartea -

Angula-trafikoa

Euskal enpresa bat angula-trafikoarekin nahasi du Jendarmeriak

Itxura denez, Jendarmeriak aste honetan Nantesen indargabetu duen sare batek bidaltzen zizkion angulak, gerora Asiara bidaltzeko.

Euskadi Irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Jendarmeriak sei pertsona atxilotu ditu aste honetan zehar Nantes hirian, angulak legez kanpo harrapatzegatik. Gero, antza, angula horiek ezagutzera eman ez duten Hego Euskal Herriko enpresa batera bideratzeko asmoa zeukaten. Angulen azken helmuga Asia izan liteke, kontinente horretan oso preziatuak baitira aingirak hazteko.

Jendarmeriaren ikerketak aurrera jarraitzen du, baina Frantziako agintariek orain arte ez dituzte Nanteseko operazioaren jakinaren gainean jarri ez Ertzaintza, ez Guardia Zibila, ezta Polizia Nazionala ere.

Hortaz, uneotan ez dago aparteko ikerketarik zabalik Hego Euskal Herrian angulak legez kanpo harrapatzeagatik asteartean jendarmeek atxilotu zituzten sei pertsonek euskal enpresa batekin harremanik ote duten argitzeko.

Jendarmeriak emandako datuen arabera, atxilotuok bost gizon eta emakume bat, 26 eta 65 urte artekoak, dira, eta, operazio berean apirilean atxilotutako beste hiru pertsonari bezala, antolatutako taldean babestutako espezieen trafikoa egitea eta dirua zuritzea leporatu diete.

Angulak Hego Euskal Herriko handizkako salmentako enpresa garrantzitsu bati saltzen omen zizkioten, Asiara bideratu eta aingirak hazteko. Legez kanpoko bidalketa bakoitzean 100-150 kilo angula bidaltzen zuten, kiloaren prezioa 200 edo 300 euro bitartekoa izanik.

Nanteseko atxilotuei 650 mila euro atzeman dizkiete baita luxuzko auto eta motorrak edota harribitxiak ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Frantzia albisteak Gizartea bideoak Albisteak