Gizartea -

Osasuna

Zer da tuberkulosia eta zentzuk dira sintoma ohikoenak

Gaixotasun infekziosoa da, eta pazienteak ospitaleratu gabe jarrai dezake tratamendua.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tuberkulosia gaixotasun infekziosoa da, baina sendatu eta prebenitu daiteke. Batik bat birikei eragiten die, eta Mycobacterium tuberculosis bakteriak sortzen du.

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) azaldu duenez, tuberkulosia pertsona batetik bestera transmititzen da, airearen bidez, gaixorik dagoen pertsona batek eztul edo doministiku egitean.

Munduko biztanleen herenek bazilo latentea dute, baina ez daude gaixorik eta ezin dute infekzioa transmititu. Hainbat hilabetez, sintomak arinak izan daitezke; horregatik, denbora asko pasatu daiteke pazientea medikuarenera joan arte, eta, epe horretan, baliteke beste hainbat pertsonari transmititu izana gaixotasuna.

Sintoma ohikoenak hauek dira: eztul indartsua hiru astez, bularreko mina, ahultasuna eta nekea, pisu galera, gose falta, hotzikarak, sukarra eta gau osoan izerdi egitea.

Miren Dorronsoro Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikorako zuzendariak eta Enrique Peiro Osasun Programetako koordinatzaileak azaldu dutenez, tratamendua zenbait sendagai konbinatuz egin ohi da. Tratamendua egokia bada eta pazienteak bete egiten badu, gaixotasuna sendatu egiten da.

Gainera, kasu gehienetan, pazienteak ospitaleratu gabe jarri dezake tratamendua, Dorronsorok zehaztu duenez. Sei hilabete iraun dezake.

EAEn, tuberkulosiaren intzidentzia gero eta txikiagoa da urtetik urtera. Iaz, adibidez, 11,78 kasu gertatu ziren 100.000 biztanleko, hau da, 256 pertsona gaixotu ziren. Europar Batasunean, batez besteak oso ezberdinak dira: adibidez, Finlandian 5 kasu daude 100.000 biztanleko, eta, Portugalen, 50 kasu 100.000 pertsonako.

2005 urtetik, Euskadin 32 agerraldi jazo dira ikastetxeetan, unibertsitateetan eta familietan.

Osasun Publikorako zuzendariaren hitzetan, kasuak salbuespenak izan ohi dira, baina agerraldiak sortzea ere “ez da arraroa”.

Mundu osoan, 9,6 milioi pertsona gaixotu ziren 2014an.

Edozein zalantza argitzeko, herritarrek osasun kontsultak egiteko telefono zenbakira dei dezakete: 203020, aldez aurretik lurraldearen aurrezenbakia gaineratuta (945, Araban; 94, Bizkaia,; eta, 943, Gipuzkoan).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE Eguneko albisteak