Gizartea -

80 urte, hil zutenetik

Argentinako Justiziak Garcia Lorcaren hilketa ikertuko du

Poeta eta antzerkigile andaluziarraren kasua Maria Servini gizateriaren aurkako krimenak direla-eta ikertzen ari den auzian sartu dute.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argentinako auzitegiek Federico Garcia Lorca poeta eta antzerkigilearen hilketa ikertuko dute, Maria Servini epaileak Buenos Airesen gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko zabaldu duen auzian sartu baitute duela 80 urte egindako hilketa.

Servini epaileak Emilio Silva buru duen Memoria Historikoa Berreskuratzeko Espainiako Elkarteak apirilean jarritako salaketa onartu du, hain zuzen ere, eta Espainiari erregua bidali dio dagoeneko.

Elkarte horrek hainbat urtez krimen frankistak ikertu dituelako bidali zion auziaren berri Serviniri, iaz Garcia Lorca Alfacar herriaren inguruan, Granadan, hil zutela aipatzen duten Granadako Polizia Buruzagitza Nagusiaren 1965eko paper batzuk agertu eta gero.

Elkarteak hilketa hori Serviniren auzira eranstea eskatu zuen, eta, gaur “El Independiente de Granada” egunkariak azaltzen duenez, argentinar epaileak onartu egin du.

80 urte, Lorcaren hilketatik

Falangistek duela 80 urte Federico Garcia Lorca fusilatu zutenetik, ezer gutxi jakin da hilketaren inguruan. Gorpua ez dute oraindik aurkitu, nahiz eta dokumentu berriak agertu diren eta, bertara eraman zuten ustean, Viznar Granadako herriaren inguruan hainbat ikerketa egin diren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Latinoamerikako albisteak Argentinako albisteak