Gizartea -

Ogasunarekin zorrak

Hiru aldundiek zordun handien zerrendak plazaratu dituzte

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek tokian tokiko ogasunari milioi bat eurotik gora zor dioten pertsonen eta enpresen zerrendak argitaratu dituzte, bakoitzaren izen-abizen eta guzti.

500 euroko billeteak
500 euroko billeteak
Zordun handien zerrenda kaleratu dute

1:14

Euskadi Irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek zor handiak dituztenen zerrendak publiko egin dituzte gaur goizean: tokian tokiko ogasunari milioi bat eurotik gora zor dioten pertsonen eta enpresen zerrendak, horien izen-abizen eta IFZ zenbakia eta guzti.

Joan den apirilean hartu zuten zerrendak publiko egiteko erabakia Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek, Iruzurraren aurkako Planaren barruan.

Lehenbiziko aldia da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Ogasunek zor handiak dituztenen zerrenda publiko egin dutena, aurtengo martxoaren 31n ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor zioten norbanakoak eta enpresak agertuko dira zerrenda horretan, baita bakoitzak zor duen diru-kopurua ere.

Helburua argia da: gizarteak gaizki ikusten dituen jokabideak azaleratzea, modu prebentiboan, iruzurraren aurka egin ahal izateko.

Guztira 237 norbanako edo enpresa azaltzen dira gaurko zerrendetan (Bizkaian 149, Gipuzkoan 62 eta Araban 26), eta guztira 664,2 milioi euroko zorro pilatzen. Gehienak enpresak dira, batez ere arazo ekonomikoak dituztenak, baina norbanakoak ere badaude. Kasu horietan azken urteetan ogasunarekin behin eta berriz zorretan izan diren pertsonak daude, egoera konpontzeko ahaleginik egin ez dutenak.

Zordunen zerrenda urtero berrituko dute, eta hala datorren urteko ekainean kaleratuko dute zerrenda berria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Ogasunek aurtengo abenduaren 31n izango dituzten datuak kontuan hartuta.

Ogasuneko iturriek nabarmendu dutenez, Datu Babeserako Legea errespetatuz egingo dituztela publiko zerrendak, eta gehienez ere 3 hilabetez izango direla ikusgai sarean.

Tokian tokiko aldizkari ofizialetan eta ogasun bakoitzaren webgunean egin dituzte publiko gaur goizean Euskal Autonomia Erkidegoko zordunen zerrendak; Nafarroan, berriz, datorren urtean, uda aurretik egingo dute publiko Ogasunari gehien zor diotenen zerrenda; kasu horretan, 250.000 eurotik gorako zordunak jasoko ditu zerrenda horrek.

Araba

Arabako zordunen zerrendan ageri den zordun handiena Goya Sesenta y Nueve eraikuntza enpresa da, 15,8 milioi euroko zorrarekin. Haren ondotik datoz Ros Casares Centro del Acero, S.L. (9,7 milioi); Lendiz 1100, S.L. (4,5 milioi); Gonzalez Sanchez Macario (4,2 milioi); Construcciones Antonio Santander e Hijos, S.L. (4,1 milioi) eta Corporación Ros Casares, S.L., (4,1 milioi).

Bizkaia

Bizkaiko zordunen zerrendan azaltzen diren zergadunen artean Iurbenor Promociones, S.A. agertzen da zordun nagusi gisa 52,2 milioirekin. Haren ondoren agertzen direnak dira, besteak beste, Moldis Echarro, S.L. (20,6 milioi); Industrias Domésticas, S.A. (17,5 milioi); Malta, S.A. (15,9 milioi); Baensa, S.L. (11,1 milioi); Edesa, SDAD. COOP.  (9,9 milioi); Inversiones Inmobiliarias Erosten, S.L. (9,7 milioi) eta Esabe Vigilancia (6,6 milioi).

Gipuzkoa

Gipuzkoako zordunen zerrendaren buru Fagor Electrodomésticos S. Coop. dago, 15,9 milioi euroko zorra ordaindu behar baitu. Bere jarraian honako beste hauek aurki daitezke: Construcciones y Contratas Gedi, S.L. (6,3 milioi); Tecfrindus, S.A. (6,3 milioi); Papelera del Araxes, S.A., (5,9 milioi); Lumen Pacis, S.L. (5,4 milioi); Ramón Vizcaino Refrigeración (5,3 milioi) eta Elizatxo, S.L. (5,3 milioi).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Gizartea Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia azken ordukoa