Gizartea -

Araba

Emakume bat eta bere bi umeak etxegabetu dituzte Gasteizen

Kaleratzeak Stop elkarteak salatu duenez, ez dute kaleratzea eten familiak bizileku gisa beste aukera bat izan arte. Azkenean, udal instalazioetan hartuko dituzte, behin behinean.

Gasteizko etxegabetzearen irudia. EFE
Gasteizko etxegabetzearen irudia. EFE
Gasteizko etxegabetzearen irudia. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat eta bere bi umeak, adingabek, etxegabetu egin dituzte Gasteizen (Araba), Zabalgana auzoan, alokairua hainbat hilabetez ez ordaintzegatik. Edonola ere, udal instalazioetan hartuko dituzte familiako kideak, behin behinean. Etxebideren babes ofizialeko etxebizitzatik kaleratu dute, baina etxearen alokatzailea pertsona partikularra da, pisua saltzeko asmoa duena.

Stop Kaleratzeak elkarteko kideak bertara hurbildu dira, ez partikularren arteko gatazka batean esku hartzeko, baizik eta epailearen jarrera salatzeko, argitu dutenez. Izan ere, elkarteko kideek salatu dutenez, epaileak familia hori etxetik kaleratzeko erabakia hartu du, aldez aurretik bermatu gabe familia horrek bizileku gisa beste aukera bat zuenik.

Ildo horretan, Arturo Val elkarteko bozeramaileak gogora ekarri ditu Europako Giza Eskubideen Epaitegiak gai honen inguruan emandako argudioak. Epaitegi horren arabera, ostatu hartzeko beste aukerarik eman gabe, ezin da kaleratzerik egin, azpimarratu du Valek.

Elkarteko ordezkariek berretsi egin dute kritikak epaitegiaren aurkakoak direla, aldez aurretik ez baita harremanetan jarri Gasteizko Udaleko Gizarte Gaietako arduradunekin. Horren harian, Udaleko iturriek EFE agentziari baieztatu diotenez, epaitegia ez da Udalarekin harremanetan jarri kaleratzearen berri emateko; baina, hala ere, egoeraren berri izandakoan, emakumeari udal instalazioak eskaini dizkiote.

Emakumeak hasieran ez du eskaintza onartu, baina, azkenean, behin behinean egongo da bertan, familiarekin. Halaber, Udalak konpromisoa hartu du emakumearen erroldatzeari eusteko, hark diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen jarraitzeko aukera izan dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE Etxegabetzeak gaur Gizartea Ekonomia Gasteiz Gaurko azken orduko albistea Etxebizitza Zabalgana