Gizartea -

Ezagutu den lehen kasua da

Yahook erabiltzaileen mezuak espiatu zituen AEBko Gobernuarentzat

Enpresak programa bat sortu zuen, bere erabiltzaileen mezu elektronikoak aztertzeko, NSAk edo FBIk hala eskatuta. Horren ondorioz, Yahoo enpresako segurtasunaren buruak alde egitea erabaki zuen.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yahoo enpresak software berezi bat garatu zuen 2015ean bere erabiltzaileen mezu elektronikoetan informazioa bilatzeko, Ameriketako Estatu Batuetako Inteligentzia zerbitzuek hala eskatuta, Reuters albiste-agentziari zenbait iturrik azaldu diotenez.

Horrela, Yahook bete egin zuen AEBko Gobernuak modu konfidentzialean egindako eskaera, Segurtasun Agentzia Nazionalaren (NSA) edo FBIren bidez Yahoo Mail zerbitzuko ehunka milioi kontu espiatu ahal izateko, hiru langile ohiren eta gertatutakoaren jakitun den pertsona baten arabera.

Lehen aldiz onartu dute Interneten jarduten duen AEBko enpresa batek espioitza agentzia batek egindako eskaera onartu eta erabiltzaileek jasotako mezuak aztertu dituela, segurtasunean zenbait adituren esanetan.

Zehatz-mehatz zein informazio bilatzen ari ziren esan ez bada ere, Yahook karaktere multzo bat bilatzea nahi zutela zabaldu da. Beraz, litekeena da mezu elektroniko batean edo atxikitako artxiboren batean esaldi bat bilatu nahi izana, aipatutako iturrien arabera (ez dute euren burua identifikatu nahi izan).

Reutersek, baina, ezin izan du zehaztu Yahook zer datu eman dituen, daturen bat eman zuen, ezta Inteligentzia arloko arduradunek beste hornitzaile batzuekin ere harremanetan jarri ziren, Yahoorekin egin zuten bezala, horrelako eskaera bat egiteko.

Enpresako bi langile ohiren hitzetan, Marissa Mayer Yahoo enpresako presidentearen erabakiak goi-mailako exekutibo batzuk asaldatu zituen, eta, ondorioz, Alex Stamos Informazioaren Segurtasunaren buruak alde egitea erabaki zuen. Orain, Facebooken egiten du lan.

"Yahook errespetatu egiten du legea, eta AEBko legeak betetzen ditu", azaldu du enpresak Reutersek egindako galderei erantzunda. Halere, ez du bestelako azalpenik eman nahi izan.

Azkenik, Facebooken bozeramaile baten bidez, Stamosek uko egin dio elkarrizketa bat egiteari. NSAk Inteligentzia Nazionaleko zuzendariaren bulegora igorri dizkio galderak, eta horrek ez du adierazpenik egin nahi izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Gaurko azken orduko albistea