Gizartea -

Madril

Ciudad Linealeko ustezko pederastak uko egin dio deklaratzeari

2013 eta 2014 bitartean 10 urte baino gutxiago zuten lau neskatori sexu-abusuak egitea eta bahitzea leporatu diote.

Ortizen atxiloketak ikusmin handia eragin zuen orain dela 2 urte. Artxiboko argazkia: EFE
Ortizen atxiloketak ikusmin handia eragin zuen orain dela 2 urte. Artxiboko argazkia: EFE
Ciudad Linealeko ustezko pederastak ez du deklaratu nahi izan

1:36

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Ortiz Ciudad Linealeko ustezko pederastak uko egin dio deklaratzeari, lau neskatxa bahitzea eta sexu-gehiegikeriak egitea leporatuta egiten ari dioten epaiketan. Alabaina, onartu egin du gertakariak eta bere kontra eskatu dituzten kartzela-zigorrak ezagutzen dituela.

"Ez dut deklaratuko" esan du, Maria Luisa Aparicio Madrilgo Probintzia Auzitegiko Zazpigarren Sekzioko presidenteak Fiskaltzaren edota aldeetako baten galderei erantzungo ote dien galdetu dionean. Bere defentsaren galderei ere ez die erantzungo.

Halere, Aretoko presidenteak gertakariak eta 126 urterainoko zigor eskaerak ezagutzen ote dituen galdetu dionean erantzun egin du: "Bai, ezagutzen ditut, anderea".

Hala, Ciudad Linealeko ustezko pederastaren aurkako epaiketa hasi da dagoeneko gaur, asteartea, Madrilgo Probintzia Auzitegian, lau neskatori sexu-gehiegikeriak egiteagatik, 2014 eta 2014an. Garai horretan 'etsai publiko' nagusia bihurtu zen.

Zazpigarren Sekzioan -Madrid Arenaren auzia epaitu zuen- egitekoa da epaiketa. Antonio Ortizek behin behineko espetxealdian jarraitzen du, 2014ko irailean Santanderren atxilotu zuten egunetik. Poliziak egindako presioagatik ihes egin zuen Santanderrera, senide batzuen etxera.

Ortiz atxilotu zuten unean. Argazkia: EFE

Ortiz atxilotu zuten unean. Argazkia: EFE

Gehiegikeriak 2013ko iraila eta 2014ko abuztua bitartean egin zituen ustez eta, horregatik, 126 urterainoko kartzela-zigorra eta 426.300 eurorainoko isuna jaso litzake, halere, gehienez 25 urte beteko ditu.

Fiskaltzak hiru sexu-abusu, bortxaketa bat, lau legez kanpoko atxikitze delitu eta kalteak eragitea egotzi dizkio eta, horiengatik, 77 urteko zigorra eskatu du. Gainera, 40 urteko zaintzapeko askatasuna izatea eta 426.300 euroko kalte ordaina ordaintzea eskatu du. Horiez gain, akusazio partikularrek hainbat urteko zigorrak ere eskatu dituzte.

Bestalde, ez dute espero Ortizen abokatuak deklaratuko duenik, baizik eta absoluzioa eskatuko du errugabe dela eta horren frogak daudela argudiatuta. Edonola ere, hori baino lehen, epaiketa bertan behera uztea eskatuko du, ezagutze-erronda eta miaketak ez baitziren legearen arabera egin, bere ustean.

Epaiketa abenduaren 15era arte luzatuko da. Bitartean, instrukzio epean grabatutako umeen deklarazioen bideoak ikustaraziko dituzte eta ehun lekukok baino gehiagok parte hartuko dute.

Lehen erasoa 2013ko irailaren 24an izan zen. Egun horretan, Ortizek bost urteko neskato bati eraso zion; hurrengo gehiegikeria 2014ko apirilaren 10ean gertatu zen, orduan, bederatzi urteko neskatoa izan zen biktima, litxarreria-denda batetik atera zenean, bi lagunekin zegoela.

Handik bi hilabetera, ekainaren 17an, sei urteko neskato bat engainatu, autoan sartu eta leku ezezagun batera eraman zuen.

Beste bi hilabete igaro zirenean, abuztuaren 22an, zazpi urteko neskatxari eraso egin zion, nebarengandik banandu eta gero, parke batetik gertu.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak azken ordukoa Epaiketak albisteak Eguneko albisteak Madril