Gizartea -

Trafikoa

Gizon bat atxilotu dute Armiñonen, kontrako norabidean gidatzeagatik

Gertakaria AP-68 autobidean izan da. Gidariak positibo eman du droga kontsumoen proban eta trafiko-segurtasunaren kontrako delitua egotzi diote.

Gizon bat atxilotu dute Armiñonen, kontrako norabidean gidatzeagatik

0:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 50 urteko gizon bat atxilotu du gaur goizaldean Armiñonen (Araba), AP-68 autobidetik kontrako norabidean 30 kilometro baino gehiago gidatzeagatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, droga kontsumoen proban positibo eman du atxilotuak.

Goizaldean, 00:40ean inguru, kontrol-gelako bideo kameren bidez kontrako norabidean zihoan ibilgailu bat ikusi dute zaindariek. Antza denez, gidariak ez du Altubeko bidesaria ordaindu eta Bilboara joateko bidea hartu du, baina kontrako noranzkoan jarraitu du. Gelditu barik, 30 kilometro baino gehiago egin ditu gidariak.

Agenteak jakinaren gainean jarri dituztenean, zirkulazioa moztu dute Armiñon parean eta gidariari ibilgailua gelarazteko agindua eman dioten arren, ziztu bizian igaro da.

Metro batzuk aurrerago, ibilgailua gelditu du norabidez aldatzeko. Ihes egiten saiatu den arren, agenteek haren atzetik kilometro bat inguru egin dute eta  ibilgailua geldiaraztea lortu dute.

Gidariari trafiko-segurtasunaren kontrako delitua egotzi diote agenteek. Gainera, droga kontsumoen proban positibo eman du atxilotuak. Gizonarekin batera emakume bat zihoan ibilgailuan.

Agenteek ibilgailua ikuskatu dute eta betaurrekoak gordetzeko zorroa aurkitu dute. Bertan,  marihuana-kukuluak aurkitu dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Bilboko albisteak Ertzaintza Gaurko albisteak Bizkaia Araba Delituak albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken orduko albistea AP-68 autobidea Gaubea gaur