Gizartea -

Zientziaren Astea

Bilbon hasi da zientzian murgiltzeko bidaia

Inguruan dutenari buruz jakin-mina duten guztiek zientzia lanbide dutenekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz hitz egiteko aukera izan dezaten antolatzen du urtero, eta XVI.a du aurtengoa.

Zientziaren astea dela eta Bilbon jarritako dinosauroa, Europako handiena. Argazkia: @zientziaAstea
Zientziaren astea dela eta Bilbon jarritako dinosauroa, Europako handiena. Argazkia: @zientziaAstea
Zientziaren astea dela eta Bilbon jarritako dinosauroa, Europako handiena. Argazkia: @zientziaAstea

EiTB.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

UPV/EHUk XVI. Zientzia Astea egingo du gaurtik, azaroaren 2a, 6ra Bilboko Bizkaia Aretoan, Donostiako Kursaalen eta Gasteizko Bibat Museoan. Topaketak inguruan dutenari buruz jakin-mina duten pertsonak eta egunero horretan diharduten profesionalak batuko ditu. Ume, gazte zein helduek zientzia lanbide duten profesionalekin zientzia ikusi, entzun, sentitu eta horretaz berba egiteko aukera izango dute bertan, baita lehen mailako ikertzaileekin aritzeko aukera ere.

Jardunaldietan, 48 stand eta 86 jarduera eskainiko dizkiete parte-hartzaileei, jakin-min handiena dutenek zientzia arloko hainbat gairen inguruan duten jakin-mina ase dezaten. Besteak beste, horretan interesa dutenek behaketa astronomikoak egin ahalko dituzte Espazio Gelako teleskopioak baliatuz (Bilbo), txango arkeologikoa egin ahalko dute Amurrioko San Pedro mendiko gudako lubakietara eta Euskotrenen Irungo egoitza bisitatu ahalko dute (simulagailuan aritzeko aukera izango dute bertan).

Interesatuek hainbat zientzia gertutik ezagutzeko aukera izango dute: kimika, matematika, fisika edota biologia, besteak beste. UPV/EHUren esanetan, zientziak harrituta utziko ditu, eta, Zientzia Astea igarotakoan, bertara joaten direnek ez dute zientzia berdin ikusiko. Halaber, bisitariek esperimentuak ikusteko eta egiteko aukera izango dute, baita UPV/EHUn egiten diren ikerketak ezagutzeko aukera ere.

Jarduera guztiak azaroaren 2tik 6ra izango dira Bilbon (Bizkaia Aretoa), azaroaren 3tik 5era izango dira Donostian (Kursaal) eta azaroaren 3tik 6ra, berriz, Gasteizen (Bibat Museoa), eta doakoak izango dira, baina bertara joan nahi duenak aurretik eman beharko du izena horren webgunean.

Gainera, aurreko edizioetan bezala, XVI. Zientzia Asteak beste jarduera paralelo bat izango du, Zientzia Club izenekoa. Bakarrizketak, hitzaldiak eta ikuskizunak eskainiko dituzte, eta bisitariek zientzia erakargarria, atsegina eta entretenigarria izan daitekeela egiaztatu ahalko dute han. Aurten, UPV/EHUko zientzialari eta ikertzaileak eta Big Van taldea izango dira topaketa honen arduradunak. Bertara joateko ez da izenik eman behar, baina leku kopurua mugatua da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Donostia albisteak Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EHU albisteak Gizartea albisteak Gasteiz berriak Albisteak