Gizartea -

Megatruck

Hauxe izango da megakamioiaren ibilbidea Gipuzkoan eta Nafarroan

100 metroko ibilgailua 23:30etik 05:30era izango da errepidean, hiru egunez.

Garraioak futbol zelai baten luzera du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Garraioak futbol zelai baten luzera du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia
Horrela garraiatuko dute 100 metroko ibilgailua Pasaiatik Zangozara

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 100 metro luze den megakamioia gaur gauean abiatuko da Pasaiako portutik (Gipuzkoa), Zagontzarako (Nafarroa) bidean.

Inoiz EAEko errepideetan izan den ibilgailu handiena da, eta hiru gau beharko ditu 60 kilometroko bidea egiteko, 15 km/h-ko abiaduran.

Astearte honetan, azaroak 15, gauean, abiatuko da Pasaiko portutik haize-sorgailu erraldoi baten “nacelle” pieza daraman garraio berezia. Zehazki, 94,81 metroko luzera, 6,5 metroko zabalera, 5,3 metroko altuera eta 514,4 tonako pisua ditu. Arrazoi horregatik, bi trakzio buruk tirako dute aurretik eta beste batek bultzatuko du garraioaren atzeko aldetik.

Zailtasun handieneko etapa lehenengoa izango da, garraio erraldoiak Gomiztegiko biribilgunea (El Ancla) eta bi tunel zeharkatu beharko dituelako. Ondorioz, hamabi kilometro besterik ez ditu egingo astearte gauean, eta Donostiako bigarren ingurabidean geldituko da eguna egiten (Errenterian).

Bigarren gauean, Urumeako autobidetik N-1era sartuko da eta Beasainera iristea da helburu. Alabaina, tarte batzuetan kontrako norabidean joango da, garraioak ezin baititu tarte horretako bihurgune asko hartu.

Hirugarren etapa, Beasaindik Etzegarate gainera artekoa izango da. Ibilbide guztia kontrako norabidean egingo du, ondorioz, gau horretan, Nafarroatik Idiazabalerako norabidea erabat itxita egongo da.

Beste alde batetik, inguru horretan ibiliko diren gidariak arreta handiz ibiltzea ezinbestekoa dela gogoratu du Ertzaintzak. Garraioa gauez ibiliko da; 23:30ak inguruan jarriko da martxan eta goizeko 05:30etan geldituko da.

Garraioak futbol zelai baten luzera du. Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, AP-8an, A-15ean eta N-1ean izango du eragin handiena. Arrazoi horregatik, ahal den neurrian, errepide horiek erabili beharrean beste batzuk erabiltzeko eskatu du Foru Aldundiak.

Hitachi enpresa japoniarrak muturreko eguraldia jasango duten haize-sorgailuak jarri nahi ditu Japoniako itsasoan. Alabaina, haize-sorgailu horien piezak homologatu behar ditu eta Zangotzako laborategi batera bidaltzea erabaki du.

Ildo horretatik, zenbait hilabeteetan Zangotzako laborategian homologazio frogak egin ostean, “Nacelle” erraldoiak kontrako ibilbidea egin beharko du, Nafarroatik Pasaiako porturantz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Donostia bideoak Gaurko albisteak Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan EAE Gizartea Pasaia albisteak Beasain albisteak Gaurko azken orduko albistea Merkantzia-garraioari buruzko albisteak