Gizartea -

Hezkuntza

Ikasleek jasan ditzaketen erasoekin amaitzeko protokoloa aurkeztu dute

Dokumentuaren helburu nagusia arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzea da. Gainera, edozein erasoren aurrean profesionalek nola jokatu behar duten azaltzen da jarraibideetan.

Haur eta nerabeen kontarko gehiegikeriekin amaitzeko Protokoloa

0:27

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen babesgabetasun-egoeren aurrean profesionalek nola jokatu behar duten azaltzen duen protokolo berria jarriko du martxan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Dokumentu horren helburu nagusia arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzea da.

Ildo horretatik, hezkuntza-esparruaren eta adingabeen babesean esku hartzen duten eragileen arteko lankidetza eta koordinazioa helburu duen protokolo bat dela adierazi du Cristina Uriarte jarduneko Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin batera eta beste erakunde, zerbitzu espezializatu nahiz profesional batzuekin elkarlanean prestatu du lan-tresna berria: Hezkuntza-esparruan haur eta nerabeek jasan ditzaketen babesgabetasun-egoerak eta tratu txarrak, abusua eta sexu-jazarpena prebenitzeko eta egoera horietan jarduteko protokoloa.

Ildo horretatik, adin txikikoen babesgabetasun egoerak, tratu txarrak, sexu-jazarpena edo abusuak eskolatik eta garaiz antzemateko eta prebenitzeko jarraibideak eskaintzea da protokoloaren helburu nagusia.

Gainera, profesionalki adingabeekin ari diren pertsonei zuzendutako jarraibideak jaso dituzte lan-tresna berrian. Halaber, hezkuntza esparruaren eta adin txikikoen babesean diharduten zerbitzuen arteko koordinazioa ezartzen du.

Zehazki, babesgabetasun-egoerak eta tratu txarrak, abusua eta sexu-jazarpena definitzen ditu protokoloak. Era berean, egoera horien aurrean jarduteko printzipio nagusiak zehazten ditu, baita aurreko fase batean, arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzeko jarraibideak ere.

Horrenbestez, Uriartez azaldu du adingabeekin profesionalki esku hartzen duten pertsona guztiek egoera horiek antzemateko eta modurik egoki, bizkor eta eraginkorrenean jarduteko jarraibideak izatea beharrezkoa dela, horrela lortuko baitute haien osotasuna eta duintasuna bete-betean babestea eta defendatzea.

Gainera, erasoa gertatu denean adingabeari sortutako eragina arintzeko protokoloak geroztiko jarraipena egiten duela gogoratu du Uriartek. Halaber, aurreko fase batean, arriskuak garaiz prebenitu eta detektatzeko jarraibideak biltzen direla nabarmendu du.

Bestalde, egoera hauek detektatzea zaila izan daitekeela aitortu du Uriartek, baina gehiegikerien aurrean eskolek ardura legala eta etikoa dutela azpimarratu du. Ildo horretatik, familiei babesa adieraztea eta zerbitzuen arteko koordinazioa funtsezkoa dela ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024