Gizartea -

Lan-istripuak

Hego Euskal Herrian lan-istripuak ugaritu egin direla ohartarazi dute

Sindikatuek azaldu dutenez, 53 behargin hil dira aurten; hildako langileen herenak azpikontrata batentzat egiten zuten lan; eta egunero 288 lan-istripu izan dira.

53 langile hil dira 2016an Hego Euskal Herrian

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek manifestazioa deitu duten datorren abenduaren 20an, Bilbon, lan-istripuak ugaritu egin direla salatzeko eta Eusko Jaurlaritzari eta Confebask patronalari ardurak exijitzeko.

Leire Txakartegik (ELA) eta Garbiñe Aranburuk (LAB) agerraldia egin dute Bilbon, manifestazioaren iragarpena egiteko eta “arazo sozial larri” honi buruzko datuak emateko. Gai honi lehentasuna emateko eskatu diete agintari politikoei.

Sindikatuek zabaldutako datuen arabera, 2016an 53 behargin hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan; iaz 52 langile hil ziren Hego Euskal Herrian.

Ildo horretan, sindikatuek salatu dute erakundeek emandako estatistikak ez direla zuzenak, “ezbehar asko ez dituztelako lan-istriputzat jotzen eta beste ezbehar batzuk ezkutatu egiten dituztelako”.

Sindikatuek azaldu dutenez, 2016ko lehen hamar hilabeteetan lan-istripuak ugaritu egin dira (% 9,5); urtea hasi zenetik, guztira, 87.804 ezbehar izan dira; egunero 288 lan-istripu izaten dira, bat bost minuturo; eta hildako beharginen herenak azpikontrata batentzat egiten zuten lan.

“Prekarietateak, azpikontratatzeek, behin-behinekotasunak, gehiegizko lan-kargak, formazio ezak eta prebentzioan inbertsiorik ez egiteko enpresarien erabakiak eragiten dituzte lan-istripuak eta laneko gaixotasunak”, azaldu dute.

Eskandalagarritzat jo dute ezbeharrei buruzko datuak murriztu nahi izatea eta laneko gaixotasunak “ezkutatzen” ahalegintzea.

Ildo horretan, azpimarratu dute erakundeek zabaldutako datuek ez dituztela aintzat hartzen gaixotasun profesionalek eragindako heriotzak. “Amiantoagatik, adibidez, 180 behargin hil dira azken urteotan”, erantsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak ELA albisteak LAB Confebask bideoak Lana Gaurko azken orduko albistea