Gizartea -

Trafikoa

Inputatu egin dute Agurainen gizon bat harrapatu eta hil duen gidaria

Bidetik seinaleak kentzen ari ziren unean izan da istripua. Furgonetaren gidariak ihes egin du, eta laguntza ukatzeagatik beste delitu bat leporatu diezaiokete.

A-1eko errepidea. Argazkia: EiTB
A-1eko errepidea. Argazkia: EiTB
A-1eko errepidea. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agurainen errepideetako langile bat harrapatu eta hil duen furgonetaren gidaria inputatu du Ertzaintzak, arduragabekeriako homizidioa leporatuta. Goizaldean izan da ezbeharra A-1 errepidean.

Furgonetaren gidaria atxilotuta dago, eta errepideetako langileari laguntza ukatzeagatik beste delitu bat leporatu diezaiokete. Gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Langilea harrapatu duenean, furgonetaren gidariak ihes egitea erabaki du. Dena dela, Asparrengo zerbitzugunean aurkitu dute, harrapaketa izan den tokitik gertu. Gidariak negatiboa eman du drogarik hartu duen jakiteko egin dizkioten probetan.

02:24ean jazo da ezbeharra, A-1eko 378,5. kilometroan. Asteleheneko haize boladen ondorioz istripua izan zuen kamioi bat bidetik kentzeko ezkerreko erreia itxi behar izan zuten. Seinaleak kentzen ari ziren unean izan da istripua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Araba Gizartea albisteak Agurain bideoak Albisteak