Gizartea -

Delitua

Ertzaintzak bost bahiketa birtualen berri izan du

Biktima guztiek antzeko dei anonimoak jaso dituzte, gertuko pertsona bat bahitu dutela esanez eta aske uzteko dirua eskatuz.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteazken arratsaldean Ertzaintzak bost bahiketa birtualen berri izan du. Biktima guztiek antzeko dei anonimoak jaso dituzte, gertuko pertsona bat bahitu dutela esanez eta aske uzteko dirua eskatuz. Ertzaintzaren arabera, azkenaldian mota horretako deiak ugaritu dira.

Bahiketa faltsuen dei anonimoak Bizkaian (lau kasu) eta Gipuzkoan (kasu bakarra) izan dira. Aurreko beste zenbaitetan gertatu den bezala, denbora tarte txiki batean jaso dira. Arrazoi horregatik, adi egoteko aholkatu du Ertzaintzak.

Jarduteko modua oso antzekoa izan da kasu guztietan: biktimek dei anonimo bat jaso dute, seme-alaba bahitu dutela esanez eta pertsona hori askatzeko dirua eskatuz. Horietako dei batean, gaizkileak 5.000 euro emateko eskatu dio biktimari, eta hala egin ezean damutu egingo dela ziurtatu dio.

Gertatutakoa argitzeko Ertzaintzak ikerketa abiatu du, eta ustezko bahitzaileek deiak Hego Amerikatik egin dituztela baieztatu du.

Bahiketa birtualei aurre egiteko Ertzaintzak aholku batzuk eman ditu. Ildo horretatik, oso garrantzitsua da lasai egotea eta deia moztu bezain laster gertuko pertsona hori (semea, alaba, laguna…) non dagoen egiaztatzea.

Ertzaintzak azaldu duenez, sekula ez da ordainketarik egin behar eta segituan eman behar da gertatutakoaren berri, ahal dela 112 telefonora deituz. Azkenik, gaizkileak identifikatzeko eta hori ez errepikatzeko salaketa jartzea aholkatu du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaia Gipuzkoa Delituak azken ordukoa Gizartea bideoak Eguneko albisteak