Gizartea -

Internetera doako sarrera

Bilboko metroak geltoki guztietara zabalduko du WiFi sarea

"Apurka-apurka", bost urteko epean, izango da eskuragarri zerbitzua. Gaur egun, 10 geltokitan dago doako WiFia.

Bilboko Metroaren geltoki bat. EiTB
Metro Bilbao. EiTB
Bilboko Metroaren geltoki bat. EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko metroaren 1 eta 2 lineako geltoki guztiek doako WiFi zerbitzua eskainiko dute 2022an, Metro Bilbao konpainiak ohar batean jakinarazi duenez.

Wifinova enpresarekin duen kontratua luzatu du konpainiak, eta hala, datozen bost urteetan, zerbitzua "apurka-apurka" zabaltzen joan dira. Gaur-gaurkoz, 10 geltokik eskaintzen dute WiFia doan.

2015ean, proiektu pilotua jarri zuen abian Metro Bilbaok, 10 geltokitan doako WiFia jarrita. 2016 amaierara arte, 7.502.612 bisita jaso ditu TUWI atariak (honen bidez konektatu behar da erabiltzailea), eta Interneterako 3.290.963 sarbide egon dira. Batez beste, 365.000 bisita izan dira azken urtean; 156.000 sarbide hilean.

Metroak emandako datuen arabera, 2016an bisita gehien jaso dituen geltokia San Mames izan da (% 16), eta Moyua eta Zazpikaleak dira zerrendan hurrengo (% 13 eta % 12, hurrenez hurren). Gurutzetako eta Areetako geltokietan ere aipagarria da erabilpena (bisiten % 11). Zerbitzua astelehenetik ostegunera erabiltzen da gehienbat. Iaz, azaroaren 24an zenbatu zituzten bisita gehien (20.485), Athletic-Sassuolo partidaren egunean, hain justu.

TUWI atarira konektatuta, geltoki eta eguneko, gutxienez 15 minutuko Interneterako doako sarbidea dute erabiltzaileek.

Bizkaiko eremu publikoetan WiFi sare gehien kudeatzen dituen enpresa da Wifinova. Administrazio publikoei, merkataritzaguneei eta ospitaleei ematen die zerbitzua, besteak beste. WiFi Kudeaketarako Plataformetako baten jabea da; horri esker, sarbide segurua eta erakargarria eskain dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bilboko albisteak Azken ordukoa Bizkaia Metro Bilbao Gizartea bideoak