Gizartea -

Diputatuen Kongresua

Txirrindulariak harrapatzen dituztenen zigorrak handitzea proposatu du PPk

PSOEk eta Podemosek "populista" jo dute neurria, arduragabekeriazko harrapaketa beti larria izatea aurreikusten duen lege proposamena.

Iurretan izandako istripua. Argazkia: EiTB
Iurretan izandako istripua. Argazkia: EiTB
Iurretan izandako istripua. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk Zigor Kodea aldatzeko proposamena sartu du Kongresuan, arduragabekeria larriagatik txirrindulariak harrapatzen dituztenen kartzela-zigorrak 4 urtetik 9 urtera igotzeko.

Rafael Catala Justizia ministroak, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, Gregorio Serrano DGTren zuzendariak, Rafael Hernando PPren Kongresuko bozeramaileak, hainbat diputatuk eta txirrindulari elkarteen ordezkariek gaur egin duten bileraren ostean sartu dute proposamena.

Lege proposamen horren arabera, arduragabekeria larria izango da beti pertsonen osotasunaren kontra gidatzea hiru kasu hauetan: gehiegizko abiadura ematen bada, eta drogetan edo alkoholean positibo emanez gero. Orain arte, epailearen esku zegoen arduragabekeria larria zen edo ez erabakitzea, baina orain ez dago interpretaziorako tarterik aipatu kasuetan.

Bestalde, gaur egun aurreikusitako zigor handiena baino handiagoa jartzea aurreikusten du biktima bat baino gehiago dagoenean, eta gidariak oinezko edo txirrindulari bat baino gehiago hiltzen badu 9 urte arteko zigorra jaso dezake. Gaur egun lau urtekoa da gehienezko zigorra.

Gainera, istripua izan den lekutik alde egitea ere delitua izatea proposatzen dute, biktimak larri zauritzen edo hiltzen diren kasuetarako. Gainera, gidariak biktima suspertzeko ezer egiteko aukerarik ez duenean ere, ezingo du alde egin.

PSOEk eta Podemosek "populista" jo dute proposamena. Jorge Luis Bail Unidos Podemosen ordezkariak kritikatu du "zigor populismo gorakadaren" ondorio dela proposamena. "Orain egiten du, bizikletaren erabilera handiagoa denean eta arazo bihurtu dela ikusi denean", azaldu du.

Pablo Bellido sozialistak, bere aldetik, aitortu du Zigor Kodea aldatzearen alde daudela, baina ez zaiela gustatzen proposamena "populismoaren eta demagogiaren bidetik joatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zirkulazio Istripuak Trafikoa Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa