Gizartea -

Indarkeria matxista

17 urteko mutil bat atxilotu dute Bilbon, sexu-erasoa egotzita

Inguruan zegoen bikote batek eta une horretan zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek erasotzailea harrapatu dute, ihes egin ez dezan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 17 urteko mutil bat atxilotu du 05:00etan Bilbon, emakume bati bere etxeko atarian sexu-gehiegikeriak egitea leporatuta, ukituak egin baitizkio.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertatutakoa ikusi duen bikote batek eta une horretan zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek erasotzailea harrapatu dute, ihes egin ez dezan.

Larunbat honetan, 05:00ak aldera, Bizkaiko hiriburuko erdigunean izan da erasoa. Emakumea bere etxeko atarian sartzera zihoan unean gizon bat gainera bota eta ukituak egin dizkio.

Emakumeak garrasi egin du laguntza eskatzeko, eta inguruan zegoen bikote bat harengana hurbildu da, eta ihes egiten ahalegindu den erasotzailea harrapatu dute.

Hala, zerbitzuz kanpo zegoen ertzain batek abisua eman dio Ertzaintzari, eta mutilarekin egon da patruila lekura hurbildu den arte.

Ertzaintzak 17 urteko mutila atxilotu du eta polizia-etxera eraman du, sexu-erasoa egotzita.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Indarkeria matxista gaur Bizkaiko albisteak Delituak albisteak Gizartea bideoak Albisteak