Gizartea -

Droga-trafikoa

Hiru gizon atxilotu dituzte Bizkaian, 60 kilo haxix zituztela

Barakaldo, Sestao edota Portugaleteko merkatalguneetako aparkalekuetan saltzen omen zuen atxilotutako susmagarri batek haxixa. Ostegunean atxilotu zuten, Leioan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu zituen ostegunean Bizkaian, droga-trafiko delitua leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak larunbat honetan jakitera eman duenez, polizia-operazio horretan 60 kilo haxix atzeman zizkieten susmagarriei.

Antza denez, atxilotutako lagun batek ezkerraldeko hainbat lekutan (Barakaldo, Sestao edota Portugalete) saltzen zuen haxixa. Hala, merkatalgune handietako aparkalekuetan autoa gelditu eta droga erosleekin harremanetan jartzen omen zen.

Ostegun arratsaldean susmagarriaren autoa atzeman zuten ertzainek. Une horretan, beste auto bateko bi bidaiarirekin hitz egiten zegoen gizona, Leioan dagoen aparkaleku publiko batean.

Une horretan, hiru lagunak autotik atera ziren eta bi autoetako maletategiak ireki zituzten. Horietako ibilgailu batean, neurri handiko poltsak atzeman zituzten, droga auto batetik bestera eramateko prest.

Jarraian, ertzainak haiengana hurbildu eta Polizia gisa identifikatu zuten haien burua. Orduan, susmagarri batek ihes egiten ahalegindu zen, lasterka hasi eta telefono mugikorra errepidera bota ostean. Alabaina, metro batzuk korrika egin ostean gizonezkoa atxilotzea lortu zuten ertzainek.

Ondoren egindako miaketan, Peugeot ibilgailu baten maletategian 60 kilo haxix zeramaten poltsak aurkitu zituzten, gehienak kilo bateko poltsa txikiagoetan banatuta. Hiru gizonei  droga-trafiko delitua egotzi diete.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Portugalete argazkiak Sestao albisteak Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Delituak azken ordukoa Drogak gaur Gizartea bideoak Leioa argazkiak Gaurko azken orduko albistea