Gizartea -

Indarkeria matxista

Gizon bat atxilotu dute Bilbon, sexu erasoa leporatuta

Asteburuan Bolueta auzoan izandako sexu abusuaren aurrean Bilboko Udalak bere "samina" agertu du, eta erasoei aurre egiteko deia luzatu die herritarrei.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizonezko bat atxilotu Bilbon, emakume bati kalean sexu erasoa egitea leporatuta. Bilboko Udalak jakitera eman duenez, erasotzailea epailearen aurrera eraman dute.

Erasoa joan den asteburuan izan zen, Bilboko Bolueta auzoan. 01:15ak aldera, inguruan zebilen Bilboko Udaltzaingoaren patruila batek erasotzailea atxilotu zuen, eta, jarraian, epailearen esku utzi zuen.

Bilboko Udalak “irmotasun osoz” gaitzetsi du asteburuan izandako sexu abusua. Ildo horretatik, gisa horretako "eraso matxistek giza-eskubideen haustura larri eta jasanezina” dakartela salatu du.

Bilboko Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek sinatu dute adierazpena. Hala, “berdintasunean oinarritutako gizarte zuzena lortzeko” deia egin du Udalak, eta Genero Indarkeriaren alorrean Arretako eta Prebentziorako Programaren udal zerbitzuak hiritarren esku daudela gogoratu du, arreta osoa eta berezitua eskaintzeko asmoz.

“Guztiok azaldu behar dugu emakumeen kontrako edozein indarkeriaren kontra. Horretarako, ekintza horiek salatu behar ditugu, ez ditugu baimendu behar eta haien aurrean ezin gara isildu; aitzitik, gure babesa erakutsi behar diegu jasaten dituztenei. Hitz batean, banakako eta taldeko erantzukizuna gure gain hartu behar dugu eraso matxisten aurrean”, gaineratu du Udalak.

Gauzak horrela, asteburuan Boluetan izandako sexu abusuaren aurrean bere "samina" agertu du Udalak, eta edonolako erasoei aurre egiteko deia luzatu die herritarrei.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilboko albisteak Indarkeria matxista Gaurko albisteak Bizkaia EAE Delituak bideoak Albisteak