Gizartea -

LAPURRETAK

Etxebizitzetan lapurretak egiten zituen talde bat desegin dute Gasteizen

Horrelako delituetan espezializatutako bi gizonezko atxilotu dituzte, eta Arabako hiriburuan gutxienez zazpi lapurreta egin izana egozten dizkiete.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak etxebizitzetan lapurtzen zuen talde bat desegin du Gasteizen. Arabako hiriburuko erdialdeko etxebizitzetan egindako hogei bat lapurreta egozten dizkiote, eta agenteek talde horretako bi kide atxilotu ditu. Bi kide horiei Arabako hiriburuan gutxienez zazpi lapurreta egin izana egozten dizkiete.

Atxilotuek etxebizitzetara sartzeko gakordeak edo plastikozko txartelak erabiltzen zituzten. Aurrez, markagailuak jartzen zituzten ateetako markoetan, egun horietan etxean inor ez zegoela egiaztatzeko. Astearte goizean eraman dituzte atxilotuak epailearen aurrera, eta hark espetxean sartzeko agindu du.

Ertzaintzak bi susmagarri hauteman zituen larunbat goizaldean, Gorbeia kaleko atari batzuen ondoan. Bizilagun batek atezain automatiko bidez atea zabaldu ziela ikusi ondoren, ertzainak haien atzetik joan ziren.

Poliziak ikusi baino ez, horietako batek tabako-pakete bat loreontzi batera bota zuen. Agenteek geroago egiaztatu ahal izan zutenez, etxebizitzetako lapurrek erabili ohi dituzten zurezko markagailu txiki horietakoak zeuden pakete barruan (ateetako orpoetan jartzen dira, atea irekitzean eror daitezen; horrela jakiten dute egun horietan etxebizitzan norbait dagoen edo ez). Markagailuak aurreko egunetan zona horretako zenbait etxebizitzatan aurkitutakoen berdin-berdinak ziren.

Ustezko lapurrek, gainera, esku-argiak eta plastikozko txartelak zituzten; txartel horietako bat aurretik ateren bat zabaltzeko erabili zutela ematen zuen. Horrez gain, hainbat billete-sorta zituzten (euroak zein dolar estatubatuarrak), eta konfiskatu egin zizkieten.

Agenteek bi gizonezkoak atxilotu, eta ostatu hartu zuten hotelera eraman zituzten, haien logela ikuskatzeko. Bertan, orotariko ateak irekitzeko tresnak aurkitu zituzten: gakordeak, espeka-sarrailak maneiatzeko prestatutako giltzak, sarrailen zilindroak ateratzeko gailuak, eta abar.

Aurrekariak

Bi atxilotuek polizia-aurrekariak dituzte etxebizitzetan lapurretak egiteagatik, eta nortasun-agiri faltsuak zeramatzaten. Ikerketak egin ostean, hiriburuan ostatu hartu zuten egunetan gutxienez zazpi lapurreta egin izana egozten dizkiete, eta ez da baztertzen uztailean egin ziren antzeko beste lapurreta batzuetan nahasita egotea. Guztira hogei bat lapurreta egin dituztela uste dute ikertzaileek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak Gizartea bideoak Gasteiz Albisteak Lapurretak