Gizartea -

ERREPIDEETAKO NEGUKO PLANA

Errepideetako neguko plana abiaraziko dute Bizkaian

Planak elurra kentzeko 76 makina eta 9.725 tona gatz izango ditu.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azaroaren 1ean jarriko dute martxan Bizkaian errepideetako neguko plana. Guztira, 381 profesionalek jardungo dute lanean, besteak beste, gidariak, laguntzaileak, zaindariak eta langileak, lurraldeko errepideetan segurtasunez zirkulatzea bermatzeko. Lan horietarako, elurra kentzeko 76 makina eta 9.725 tona gatz erabiliko dira.

Plana 2018ko apirilaren 30era arte egongo da indarrean, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko hainbat udalek eta Eusko Jaurlaritzak elkarrekin abiatuko dute.

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak eta Jon Larrea Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte 2017-2018 aldiko neguko planaren baliabideak. Aurkezpenean, inplikazioa eskatu diete gidariei, eta kontu handiz gidatzeko eta eguraldi iragarpenaren eta errepideen egoeraren berri izateko.

Horretarako, errepideen egoerari buruzko informazioa jasotzeko, gidariek Bizkaimove aplikazioa erabil dezaketela gogorarazi dute. Gainera, ohiko ibilbideak pertsonalizatzeko aukera ematen du, eta denbora errealean jakinarazten du zer gorabehera dauden Bizkaiko errepideetan.

Planak lau maila ditu elurrak eta izotzak errepidean eragindako egoeraren berri emateko. Lehen mailak, C1 izenekoak, zirkulazioak ez duela inolako gorabeherarik adierazten du, eta azkena, C4 maila, alerta maila gorena, inolako ibilgailurik errepidean ibiltzea ezinezkoa denean ezartzen dute.

Baliabideak Bizkaian lehentasuna duten ohiko lekuetan banatuko dituzte aurtengo neguan ere: A-8, AP-8, Metropoliko Hegoaldeko Saihesbidea, AP-8 Erletxeta eta Ermua artean, N-637, N-240, Loiuko aireporturako, Superporturako eta ospitaleetara sarbideak eta BI-631 Bilbo eta Derio artean (Agirleta edo Santo Domingo).

Alertei dagokienez, iaz 15 alerta hori egon ziren elurragatik, eta 25 tenperatura baxuengatik. Horrez gain, 4.199 orduz jardun zuten elurra kentzeko makinek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Zer gertatu da gaur Bizkaian? Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea bideoak Elurra argazkiak Eguneko albisteak