Gizartea -

Laguntzeko zerbitzua

Arriskuan egon litezkeen 17 kasu antzeman ditu Zeuk Esan zerbitzuak

Zeuk Esan haur eta nerabeei laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuak, guztira, 436 kontsulta jaso ditu urte hasieratik.

'Zeuk esan', haur eta nerabeei laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua. Argazkia: Irekia.
'Zeuk esan', haur eta nerabeei laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzua. Argazkia: Irekia.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2017ko urtarrilaren 1etik urriaren 31ra, Zeuk Esan haur eta nerabeei laguntzeko zerbitzuak 436 kontsulta jaso ditu guztira. Horietatik, adingabea arriskuan egon zitekeen 17 kasuri eman zaie arreta, eta gizarte-zerbitzuetara bideratu direla jakitera eman du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ume eta Nerabeen Eskubideen Mundu Eguna ospatzen den astelehen honetan.

"Zeuk Esan sendotzen ari da. Neska-mutilek zerbitzua barrena husteko eta laguntza bilatzeko erabiltzen dute, batez ere. Zerbitzuak orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu, eta hala ulertzen dute", esan du sailburuak.

Urte hasieratik jasotako 436 kontsultetatik, 236 (% 54) helduek egin zituzten, eta 200 (% 46), adingabeek.

 

ZEUK ESAN zerbitzua Eusko Jaurlaritza. Irekia.

Beatriz Artolazabal, gaur goizean Zeuk Esan zerbitzuaren nondik norakoak azaltzen.

Beraz, gehiago izan dira kontsulta egin duten helduek. Heldu horiek aitak, amak, familiartekoak, irakasleak, profesionalak eta arautu gabeko irakaskuntzako monitoreak eta haur eta nerabeei lotuta dauden gainerako pertsona batzuk izaten dira.

Zeuk Esan zerbitzuko profesionalekin harremanetan jarri diren ume eta nerabeen kasuan, % 61 (122) emakumeak izan dira, eta gainerakoak, % 39 (78), gizonak. Adinaren arabera sailkatuta, deitzaileen % 55 (110) 12 eta 15 urte bitarteko nerabeak izan dira; % 40 (80), 16 eta 18 urte bitarteko gazteak; eta gainerako % 5a (10), 12 urtetik beherakoak.

Zerbitzua, halaber, haurren tratu txarrak eta babesgabetasun egoerak salatzeko bitartekoa ere bada. Aurten, orain arte, adingabea arriskuan egon zitekeen 17 kasuri eman zaie arreta, eta gizarte-zerbitzuetara bideratu dira.

"Neska-mutilei ardura gehien eragiten dieten gaiak harremanak dira (% 41): berdinen arteko harremanak, harreman afektibo-sexualak eta familia-harremanak. Eta askok (% 45) bakardade- edota egonezin-sentimenduengatik deitzen dute", horren esanetan.

Helduen artean, deitzeko arrazoiak beste batzuk dira. "Deien % 54 adingaberen bat berdinen arteko jazarpen-egoera jasaten ari den susmoaren edo egiaztapenaren aurrean baliabideak bilatzeko izan da".

Zerbitzua

Beatriz Artolazabalek Zeuk Esan zerbitzuaren 116111 telefono-zenbakian arreta ematen duen profesional-taldeak egiten duen orientazio-, aholkularitza- eta informazio-lana­ nabarmendu du, eta zerbitzua konfidentziala dela gogorarazi du (116111 zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak dira eta fakturan ez dute arrastorik uzten). Telefonoaz gainera, beste komunikazio-bide batzuk ere baditu Zeuk Esan zerbitzuak , besteak beste, gizarte-sareak (@Zeukesan Twitter eta Facebook sare sozialetan) eta www.euskadi.eus/zeukesan web-orrialdea, Youtubeko kanala eta adingabeen bloga. Azken horretan, hilero, argitalpenak egiten dira, eta zerbitzua ematean aztertu diren gaiak jasotzen dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak