Gizartea -

Emakumezkoen salerosketa

Sexu-esplotazioaren biktimengana hurbiltzeko egitasmo bat, abian

Ikerketa baino, biktimengana hurbiltzeko lehentasuna duen plana bultzatu du Ertzaintzak, emakumeei babesa, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko.

Ertzaintzaren egitasmoaren aurkezpena: Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Ertzaintzaren egitasmoaren aurkezpena: Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Sexu-jazarpenaren aurkako plan berria aurkeztu du Ertzaintzak

1:07

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza sexu-esplotaziora bideratutako emakumezkoen salerosketaren aurkako egitasmo bat martxan jartzen ari da Euskadiko udalerri guztietan. Helburu nagusia biktimengana hurbiltzea da, babesa eta laguntza bermatzeko, esklabutza modu horrekin bukatzeko.

Orain arte Ertzaintzak delitu horien kontra ikerketaren bidez borroka egin du. Horretarako, salaketa bat edo delitu egoeraren bat beharrezkoa zen, biktimak askatzeko eta egileak atxilotzeko.

Horrela, azken 15 urteetan delitu horiengatik 24 ikerketa egin, 45 biktima askatu eta 47 pertsona atxilotu edo ikertu ditu Ertzaintzak.

Lehentasun aldaketa

Orain, ordea, ikerketa baino, biktimengana hurbiltzeko lehentasuna duen plana bultzatu du Ertzaintzak, emakumeei babesa, laguntza eta aholkularitza eskaintzeko. Horretarako, Emakunderen, erakunde publikoen, elkarteen eta gobernuz kanpoko erakundeen lankidetza izango du.

'Zu Laguntzeko Gaude' lelopean, egitasmoa 2016an abiatu zuen Ertzaintzak proiektu pilotu batekin, Gasteizen; Errenterian eta Irunen (Gipuzkoa); eta Muskizen (Bizkaia). Orain erkidego osora zabalduko du.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak, Hugo Prieto Ertzaintzako pertsonen aurkako delituen arloko buruzagiak, Patricia Martinez Musitu Bilboko polizia-etxeko buruak eta Iñaki Arteaga Arabako Ikerketa Zerbitzuko buruzagiak prentsaurrekoa eman dute gaur, egitasmoaren helburuak azaltzeko.

Zertan datza plana?

Prostituzioa ematen den tokietara (kalea, klubak eta pisuak) ertzainak bidaliko dituzte hizkuntza ezberdinetan (gaztelera, euskara, portugesa, errumaniera, txinera, frantsesa eta ingelesa) liburuxkak banatzeko, bertan arreta telefono zenbaki bat (677 999 555) eta gomendio batzuk agertzen dira, tratu txarrak eta sexu esplotazioa salatzeko. Horretarako, laguntza zerbitzuak eskainiko dizkiete emakumeei.

Prostituzioan ari diren pertsona guztiak ez dira sexu-esplotazioaren biktimak, prostituzioa legezkoa delako, baina emakumeengana hurbiltzeak salerosketa kasuak antzemateko aukera eman dezake.

Biktima gehienak Nigeriakoak dira, hurrengoak zerrendan hegoamerikarrak, errumaniarrak eta txinatarrak dira. % 6a bakarrik bertakoak dira. Euskadin, 10.000 biztanleko zazpi emakume prostituzioan daudela uste du Ertzaintzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Albisteak