Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Emaitzak: Basauri berroneratzeko planaren galdeketa 2017kio abenduaren 17an

Gizartea

Galdeketa

Boto-emaileen % 73,13k babestu dute Basauri berroneratzeko plana

eitb.eus

2017/12/18

Herri-galdeketak % 18,07ko parte hartzea izan du, eta ez da heldu Udalak balioa izateko ezarritako mugara ( % 20).

1:11
  • Whatsapp
  • Bidali

Basauriko San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko planaren alde bozkatu dute boto-emaileen % 73,13k, igande honetan izandako herri-galdeketaren emaitzen arabera.

Horrela, Basauriko Udalak proposatutako hirigintza-plana babestu dute galdeketan parte hartu duten boto-emaileen ia hiru laurdenak. Horien % 26,80k, ordea, proiektuaren aurka bozkatu dute. Basauriko Udalak ezarritakoaren arabera, parte hartze hori gutxienez % 20koa izan behar zen, galdeketak balioa izan zezan. Hortik behera kokatu da, ordea:  % 18,07koa izan da.

RESULTADOS BASAURI EITB

Herri-galdeketaren behin betiko emaitzak. Iturria: Basauriko Udala

09:00etan abiatu dute eguna: 16 hautetsontzi jarri dituzte, eta 20:00ak arte egon dira zabalik. 14:00etan, % 10,36koa zen parte-hartzea. 18:00etarako, aldiz, 4.948 lagunek eman dute botoa, erroldaren % 14,78k. Bozka emateko hautetsontziak itxi dituztenean, 6.000 pertsonak eman dute botoa, bozka eman ahal zutenen % 18,07k. Guztira 33.400 herritar zeuden deituta bozka ematera, erroldatuta dauden 18 urtetik gorako herritarrak hain zuzen, eta 6.051 pertsonak eman dute botoa.

Honako galdera honi erantzun behar izan diote: "Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektua aurrera eramatearekin?".

Proiektuan 25,4 milioi euroko inbertsioa dago aurreikusita, eta, besteak beste, honako hauek sortzea da asmoa: 15.000 metro karratuko parkea eta zonalde berdea, geltoki berria, aparkalekuak eta etxebizitzak.

Herriaren erdigunean erabiltzen ez den eremu horri erabilera emateko eskaera historikoari erantzuteko antolatutako ekimena da. Etxebizitza eremuak modernizatzeaz gain, auzoen arteko irisgarritasuna eta lotura hobetzea da helburua. Azken bost urteotan, herritarrek iritziak eman eta ekarpenak egin dizkiote proiektuari.

Kontsulta 2016ko irailean ospatu behar zuten, baina epaitegi batek geldiarazi zuen, Estatuko Abokatutzak aurka egin ondoren. Basauriko Udalak irtenbide bat eskatu zion Espainiako Gobernuari, eta honek azkenean baimena eman zion.

Iritzi eta ekarpen horietako asko egitasmoan barneratu dituzte, behin betiko txostena egin arte.

Nork bozkatu ahal izan du?

Basaurin erroldatutako 18 urtetik gorako herritar guztiek bozkatu ahal izan dute, estatu espainiarrekoak zein Europar Batasuneko beste edozein herrialdetakoak.

Noiz egin da herri-galdeketa?

2017ko abenduaren 17an (igandea).

Zein izan da galdera?

"Ados zaude San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe berroneratzeko proiektua aurrera eramatearekin?".

Non eta nola bozkatu ahal izan da?

09:00etatik 20:00etara. Behar den moduan seinaleztatutako hautetsontziak ipini dituzte ohiko hauteslekuetan. Herri-galdeketa egin baino egun batzuk lehenago, etxeetara bidali dituzte bozkatzeko txartelak. Hauteslekuetan ere egon dira eskuragarri.

Zer egiteko asmoa dago?

1- Pozokoetxeko trenbide-hondartza hiri-bilbean txertatzea, auzo horretan gutxi gorabehera 15.000 m2-ko parke bat eta berdegune bat sortu eta hiru eraikin berri eraikitzeko.

2- San Fausto kalean zenbait eraikin egitea eta Florian Tolosa eta Juan Ibargutxi kaleetan pasaguneak sortzea.

3- Guztira, 277 etxebizitza berri sortuko dira (libreak, finkatutako salneurrikoak eta dotazionalak), batez beste 6 solairuko altuera duten eraikinetan; horrela eraikuntza handiak saihestuko dira (eraikin altuena 8 solairukoa da).

4- San Faustoko esparru librea handitzea, 2.000 m2 gehiago horretarako zuzenduz, eta oraingo plazarako irisgarritasuna hobetzea, inguruko kaleetan (Nagusia eta Autonomia) jarraipena edukiko duen plaza lautu bat eratuz.

5- Bidebietan tren-geltoki berri bat eraikitzea. Erabat irisgarri eta funtzionala izango den geltoki horrek sarbide bat edukiko luke San Fausto plazan, Florian Tolosa kalearen parean, hain zuzen.

6- Irisgarritasuna hobetzea, San Faustotik Pozokoetxerantz, oinezkoentzako arrapalen bitartez.

7- Aguirre Lehendakaria kalea oinezkoentzat egitea Pozokoetxeko tartearen eta oraingo geltokiaren aurreko plazaren artean (oraindik berresteko dago, obren garaian egingo diren trafikoari buruzko proben arabera erabakiko da).

8- Aparkaleku-eskaintza handitzea bizileku-eraikin berrietan eta lur azpiko aparkaleku berriak eraikitzea, aparkatzeko 150 leku edukiko dituztenak (eskaeraren arabera, aparkaleku-solairu bat gehiago egiteko aukera dago). Lur gaineko aparkalekuei dagokienez, gaur egun trenbide-hondartzan dauden aparkalekuak Pozokoetxen zehar antolatuko dira banaketa berri batean.

9- Kaltetutakoei beste etxebizitza bat ematea: Beste etxebizitza batera joan behar duten pertsonek daukatena baino etxebizitza hobea jasoko dute. Lege barruan, ahalik eta baldintza ekonomiko onenak eskaintzen saiatuz ekingo zaie kalte-ordainketei. Izan ere, San Miguel, Sarratu eta Basozelain egin zen prozesuaren antzekoa garatuko da hemen.

10- Finantziazioa. Autofinantzagarria da: Jarduketak burutzean egin beharreko kontratazioek eta gastuek bermatuta eduki beharko dute finantziazioa.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea
NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN
Erreportajeak Aktualitateari buruzko elkarrizketak. Erreportajeak
Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena