Gizartea -

Gertakaria

Zornotzako gazteen lonja batean lapurreta egiten saiatzeagatik, espetxera

Gertakariak iragan ostegun gauean jazo ziren. Ertzaintzak 20 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu Foruan eta Gernikan. Horietako bat kartzelara bidali du epaileak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 20 eta 21 urteko bi gazte atxilotu ditu, eta horietako bat espetxera bidali du epaileak, Zornotzako (Bizkaia) gazteen lonja batean pistola eta labana batekin indarkeriaz lapurreta egitea egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaur jakitera eman duenez, gertakariak iragan ostegun gauean jazo ziren, Zornotzako lonja batean. Hiru pertsona aurpegiak estalirik lokalean sartu ziren, eta su-arma eta labana batekin gazteak kikildu zituzten.

Diru-zorroak, dirua eta telefono mugikorrak emateko eskatu zieten erasotzaileek, eta bideo-kontsola eta bideojoko batzuk atzeman eta bi motxilatan sartu zituzten.

Biktimetako batek pistola zeraman lapurrari eskutada bat eman eta arma kendu zion. Orduan erasotzaileek ihes egin zuten, biktimak atzetik zituztela. Azkenik, auto batekin ihes egitea lortu zuten.

Foruan eta Gernikan atxilotuak

Salaketako datuekin, ertzainek iragan ostiral goizean ibilgailuaren jabea atxilotu zuten Foruan, Segurtasun Sailak azaldu duenez. Gertakarietan parte hartu izana onartu zuen eta lapurretako arma ertzainei entregatu zien: aire konprimatuko pistola bat.

Beste inplikatua ostiral arratsaldean atxilotu zuten Gernikan. Ikerketak zabalik jarraitzen du, hirugarren erasotzailea aurkitu eta atxilotzeko. Dagoeneko identifikatu dute.

Bi atxilotuak epailearen esku utzi dituzte. Horrela, autoaren eta pistolaren jabea espetxeratzeko agindua eman du magistratuak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Zornotza Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Durangaldea gaur EAE albisteak Delituak bideoak Ebasketak albisteak