Gizartea -

Indarkeria matxista

Tratu txarrengatik zigortutako gizon batek kartzela ekidin dezake ikastaro bat eginda

Arabako epaitegi batek 21 hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio 35 urtez bikotekideari tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkion gizonari.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Zigor arloko 2. zenbakiko Epaitegiak 21 hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 35 urtez emazteari tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkion gizonari. Zigortutakoak kartzela saihestu ahalko du hiru urtetan deliturik egiten ez badu, biktimarengana 200 metrora baino gutxiago hurbiltzen ez bada eta berdintasunari buruzko ikastaro batean parte hartzen badu.

Arabako Fiskaltzak bost urte eta bederatzi hilabeteko zigorra eskatu zuen gizonarentzat, 35 urtez (1981etik 2016ra) emaztea kolpatu, iraindu eta mehatxatzeagatik. Aurretik ere tratu txarrengatik zigortu zuten gizona (behin betiko epaia 2013koa da).

Dena dela, epaiketa hasi baino lehen, idatzia aurkeztu zuten Fiskaltzak eta akusatuaren abokatuak adostasuneko epaia ematea eskatu zioten epaileari, eta horrek aintzat hartu du eskaera.

Epaiak frogatutzat eman du gizonak tratu txar fisiko eta psikologikoak eman zizkiola emakumeari. Lehenengoen artean honakoak jaso ditu epaiak: ukabilkadak, makil edo beste objektu batzuekin emandako kolpeak, bultzakadak, astinduak...

2013an ere zigortu zuten

Gasteizko epaitegi batek tratu txar fisiko horiengatik zigortu zuen gizona: 40 egun eman behar izan zituen gizartearentzako lanak egiten. Zigorra jaso ostean, emaztea jipoitzeari utzi zion gizonak, baina tratu txar psikologikoak ematen jarraitu zuen. Hiru urtez irainak eta mehatxu ugari egin zizkion emakumeari, askotan lau urteko ilobaren aurrean.

2016ko abenduaren 11n emaztearekin eztabaidatzen hasi zen gizona, oso bortitz jarrita eta etxeko gauzak lurrera botatzen hasita. Une batean emakumea kolpatzeko keinua egin zuen. Alabak geldiarazi behar izan zuen gizona eta Udaltzaingoari deitu zion.

Epaian jasotzen denez, gizonak alkoholismoa eta droga-menpekotasuna, antsietate-nahasmendu eta depresioa ditu. Dena dela, bere ekintzen jabe da.

Jasotako tratu txarren ondorioz, emakumeak egokitzapen-nahasmendua du, eta tratamenduan dago.

--------------------------------------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak umeak Indarkeria matxista Espainian Araba Gaurko azken orduko albistea Tratu txarren biktimentzako gida Mundu matxista