Gizartea -

Etxeko indarkeria

Emakume bat atxilotu dute Barakaldon bikotekideari labanaz eraso egiteagatik

Gizonak zauri larria zuen. Emakumeak zauri arinak egin zituen, eta epaileak aske utzi zuen, karguekin.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 40 urteko emakume bat atxilotu zuten astelehen arratsaldean Barakaldon (Bizkaia) senarrari labana batekin eraso egiteagatik. Biktimak zauri larriak zituen bularraldean, eta ebakuntza egin behar izan zioten. Emakumeak ere zauriak zituen, arinagoak, hanka batean eta bularraldean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, gertakariak asteleheneko 20:30 aldera jazo ziren, bikoteak Barakaldon duen etxean. Ordu horretan gizonezko batek larrialdietara deitu zuen laguntza eske, bularrean labana batekin eraso ziotela esanez.

Ertzaintza eta larrialdietako osasun-zerbitzuak berehala joan ziren esandako lekura, eta gizona lurrean etzanda, konorterik gabe aurkitu zuten, bularraldean zauri sakona zuela. Osasun-langileek biktima bertan egonkortzen eta ospitalera eramateko prestatzen zuten bitartean, Ertzaintzako agenteek bikotekidea atxilotu egin zuten, ustezko erasotzaile gisa. Sukaldeko labana bat froga gisa hartu zuten agenteek.

Emakumeak zauri arinak zituen hanka batean eta bularraldean, senarrak istiluan eragindakoak, eta artatu behar izan zuten.

Polizia-egoitzan beharrezko izapideak egin ondoren, atxilotua justiziaren esku utzi zuten. Epaileak aske utzi zuen, karguekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Barakaldo Gaurko azken orduko albistea