Gizartea -

Polizia operazioa

Kolpea 'Nigeriako mafia'ri: 89 lagun atxilotu dituzte, Bizkaian eta Nafarroan tartean

Prostituitzera behartutako 39 emakume askatu dituzte. Mafia horren buruak Tuteratik koordinatzen zituen sareko gainerako kideak. 24 pertsona atxilotu dituzte Bizkaian.

Atxilotuetako bat, Guardia Zibilaren esku. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza
Atxilotuetako bat, Guardia Zibilaren esku. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza
Atxilotuetako bat, Guardia Zibilaren esku. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Nigeriako mafia'ren kontrako operazio garrantzitsua egin du Guardia Zibilak, Europan egin den handietakoa. 89 pertsona atxilotu, horietako batzuk Bizkaian eta Nafarroan, eta prostituitzera behartutako 39 emakume askatu dituzte.

Guardia Zibilak Bilbon, Sestaon, Portugaleten, Santurtzin, Barakaldon eta Loiun 24 pertsona (89tik) atxilotu ditu. Gainera, ikertzaileak prostituitzera behartuta zeuden 15 biktima askatu dituzte Lurralde Historiko horretan.

Operazioaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur prentsaurrekoan, Javier Rogero Guardia Zibilaren UCOren Delinkuentzia Antolatutako arduraduna buru zutela.

'Nanga-Parbat' deitu duten operazioa Anaitasun Nigeriarrak deitutakoen kontra Europan egin den handienetakoa da. Manchesterren (Erresuma Batua) eta Espainiako Estatuko hainbat probintziatan gauzatu dute, tartean Bizkaian eta Nafarroan. Kantabrian, Madrilen, Guadalajaran, Toledon, Alacanten, Murtzian, Sevillan, Almerian eta Bartzelonan ere egin dituzte atxiloketak, guztira, 89, eta 41 miaketa.

Askatutako emakumeak, horietako asko adingabeak, budu erritoen bidez beldurtu eta mehatxatu, eta Nigeriatik Libiako kostaldera eramaten zituzten, eta handik, Lampedusako etorkinen kanpamentuetara (Italia). Ondoren, Europako herrialde ezberdinetara lekualdatzen zituzten, tartean Espainiara.

Prostituitzera behartzen zituzten gaizkile sareari zorretan utzitako 30.000 euroak ordaintzeko. Almerian atzemandako emakumeak oso baldintza txarretan zituzten, etxe gisa atondutako kobazuloetan.

Biktimetako batek aurkeztutako salaketa, ikerketaren iturri

Torreviejan (Alacant) biktima adingabe batek egindako salaketa izan da ikerketa guztiaren iturri.

Agenteek gerora egiaztatu ahal izan zutenez, atxikitako emakumeetako bat haurdun zegoen, eta mafiak umea galtzea nahi zuen. Horretarako egunero 14 pilula hartzera behartzen zuten, ohiko dosia bakarra denean.

Operazioa bera arriskuan jar zezaketela jakin arren, agenteek emakume hori askatzeko eginahalak egin zituzten, baita lortu ere.

Mafia emakumea topatu nahian ibili da ordudanik, eta Nigeriako bere familia mehatxatu ere egin du. Ikerlarien ustez, bi pertsona hil dituzte Nigerian auzi horrekin lotuta.

NIGERIA MAFIA OPERAZIOA

Atxilotuetako bat, miaketa batean. Argazkia: Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritza

89 atxilotuetako 58ri gaizkile taldeko kide izatea, gizakien salerosketa egitea eta dirua zuritzea egotzi diete. Atxilo hartutako 14 "madame" moduan aritzen ziren, eta euren zorra kitatzeko prostituitzera behartzen zituzten biktimak.

Anaitasun Nigeriarrak

Gizakien salerosketa sistema hori guztia Nigeriako anaitasun garrantzitsuenetako batek kontrolatzen zuen, Eiye Confraternity izenekoak.

Operazioan Espainiako Estatuko arduraduna atxilotu dute Tuteran (Nafarroa).

Mafia horretako beste kide ezagun bat Nigeriako DJ ezagun bat da. Afrikako herrialdetik Estatura zetorrenean atxilotu zuten. Biktimak Italiatik Estatura ekarri eta prostituzio sarea antolatzen ei zuen probintzia ezberdinetan.

Eiye Confraternity Nigeriako Anaitasunen artean garrantzitsuenetakoa da. Mafia nazioartean aritzen da hainbat sareren bitartez

Ikerlariek egiaztatu ahal izan dutenez, bildutako dirutza Anaitasun horri bidaltzen zitzaion, eta horrek hotelak eta luxuzko etxebizitzak egiteko erabiltzen zuen. Dirutza bidaltzeko eta zuritzeko Hawala delako metodoa zerabilten mafiako kideek.

Operazioaren azken fasean —azken urtebete eta erdian— kontu korronte ugari blokeatu dituzte, guztira, 300.000 euro.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Nafarroa gaur