Gizartea -

Gipuzkoa

Oria ibaiak gainezka egin du Andoainen, Lasarten eta Tolosan; eta Urumeak, Hernanin

Segurtasun Sailak larrialdi egoera ezarri du euri-jasak direla eta. Hainbat herritan uholdeen kontrako protokoloak jarri dituzte abian.

Oria ibaia gainezka. Argazkia: EiTB
Oria ibaia gainezka. Argazkia: EiTB
Oria ibaiak gainezka egin du Andoainen, Lasarten eta Tolosan

1:47

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euria gogotik bota du egun guztian zehar eta horrek hainbat arazo eragin ditu Gipuzkoako herrietan.

Oria ibaiaren ertzeko herrietan, esaterako, segurtasun neurriak hartu dituzte. Ibaia maila laranjan izan da arratsaldean, baina  19:00etan maila gorrira iritsi da, Lasarte parean.

Ur asko datorrela ikusita Andoainen bizilagunak ohartarazi dituzte. Uraren maila bat-batean igo dela esan dute bizilagunek.

Berastegitik datorren ura hartzen du Oriak eta han 118 litro metro karratuko pilatu dira 18 ordutan.

Azpeitian, Urola ibaia oso goian dagoela ikusita uholdeen kontrako protokoloa abiatu dute bai Loiola inguruan, bai herri erdian, urak zubiak ia ukitu dituelako. Urola arrisku maila laranjan dago.

Hernanin, berriz, Urumea ibaiak gainezka egin eta urez estali ditu berriro errugbi zelaia eta baratzeak.

Oiartzunen, Errenteriako mugan, ibaia irteteko zorian egon da iluntzean. Urak Jaizubiako zubi azpia estali du.

Euskalmeteko arduradunek ohartarazi dutenez, Gipuzkoa ekialdean sortuko dira arazorik larrienak.

Ibaien egoera eta eguraldi iragarpena ikusita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak, larrialdi egoera ezarri du.

Gauzak horrela, krisi-mahaia bilduta dago, ondorengo orduetan gertatzen denari ahalik eta azkarren aurre egin ahal izateko.

Ume bat larri, zuhaitz bat gainera erorita

Bestalde, bost urteko haur bat larri zauritu da goizean Donostiako Oriamendi pasealekuan, Galarreta aldera, zuhaitz batek azpian harrapatu ostean. Kutxa Ekoguneko Baso Eskolara txangoa egiten ari zen Hernaniko ikastola bateko ikaslea da zauritutakoa.

15 metro inguruko zuhaitza erori da Kutxa Ekoguneko parkean dauden egurrezko etxeetako baten gainera, eta barruan haur talde bat zegoen eta horietako bat harrapatu du. Umea Donostia Ospitalera eraman dute, larri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Hernani argazkiak Tolosa gaur Denboraleak albisteak Eguraldia argazkiak Lasarte-Oria argazkiak Andoain Gaurko azken orduko albistea Uholdeak Ibaien azken ordukoa