Gizartea -

Eraikina husteko operazioa

Ares: 'Kukutzako operazioa proportzionala eta profesionala izan da'

Operazioan hiru lagun arin zauritu direla azaldu du Herrizaingo sailburuak. Operazioa manifestarien "segurtasuna bermatzeko" helburuarekin egin dutela azpimarratu du Aresek.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua. Argazkia: EFE
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua
Ares: 'Kukutzako operazioa proportzionala eta profesionala izan da'

01:08

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Errekalden (Bilbo) goizean egindako operazioa "proportzionala" izan dela defendatu du Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak. Gainera, ertzainek "profesionaltasunez ekin" dutela nabarmendu du sailburuak.

Horrela, Ertzaintzaren profesionaltasuna defendatu du Aresek eta Kukutza gaztetxea husteko operazioa "proportzionala" izan dela erantsi du, "gaztetxeko hirugarren solairuan eta teilatuan zeuden pertsonek jarrera bortitza mantendu dutelako".

Erandion emandako prentsaurrekoan, operazioan 30 pertsona atxilotu dituztela jakinarazi du sailburuak, 23 eraikinaren barruan eta zazpi kanpoan, ertzainei porlan zakuak, pintura eta objektu mingarriak botatzeagatik eta edukiontziak gurutzatzeagatik.

Gainera, operazioan hiru lagun arin zauritu direla azaldu du Herrizaingo sailburuak. Operazioa manifestarien eta ertzainen "segurtasuna bermatzeko" helburuarekin egin dutela azpimarratu du Aresek. Ekintza ahalik eta azkarren egin nahi zutela goraipatu du Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.

Ateak soldaturik eta hormaturik

Ertzainek mazoak eta beste tresna batzuk erabili behar izan dituzte goiko solairuetara heltzeko, izan ere, ateak soldaturik eta hormaturik topatu dituzte. Era berean, bidean oztopo ezberdinak aurkitu ditu Ertzaintzak. Kukutzako bizilagunek telebista zirkuitu itxi bat zuten eta eraikineko solairu bakoitzean gertatzen ari zena kamerekin kontrolatzen zuten.

Egoera "oso zaila" zen eta horregatik ertzainak zoriondu ditu Aresek. Ertzaintzak hiru aldiz kargatu behar izan du "jazarpenari" erantzuteko, Herrizaingo sailburuaren ahotan.

Bestalde, Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Etxebizitza zinegotziak azaldu duenez, gaztetxearen inguruko ekintzen "legezkotasuna" epailearen aurrean defendatuko dute Udaleko ordezkariek ostegunean. Gainera, Ertzaintzaren "profesionaltasuna" defendatu du Barkalak, "eraikina husteko agindu judiziala bete duelako".

ELA Ertzaintza sindikatua operazioaren "aurka" agertu da, Kukutxa "Errekaldeko auzoaren babesa duen egitasmoa delako". Zentzu horretan, Ertzaintza herritarren kontra aritzea bilatzen ari direla salatu du ELAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea